Sagarra nagusi gaurko Ordiziako azokan
Joxe Antonio Elosegiren eta Simon Aizpururen postuetan izan da gaur fruitu izarra.
Errezilgo Simon Aizpururen postua, gaurko azokan. Errutinara itzultzea gero eta gertuago dagoen arren, oporraldiaren eragina nabari da oraindik Ordiziako azokan. Gaur ere hainbat postu falta izan dira, tartean Patxi Atienzarena eta Maite Iturberena (Udana Benta). Hala ere, aurreko astean huts egin zuten postuetako batzuk gaur itzuli dira azokara, eta pixkanaka ohiko martxara itzultzen ari da plaza.
Sagarra, azokako protagonista
Sagarra izan da gaur Ordiziako azokako produktu protagonista. Bi postutan izan da salgai: Oñatibi Txiki baserriko Joxe Antonio Elosegiren (Gabiria), eta Mugarrieta baserriko Simon Aizpururen (Errezil) postuetan.
Hilabete batzuetako etenaren ostean, Aizpuru gaur itzuli da berriro azokara, eta sagar mota berriak ekarri ditu: Junbo, Topaz, Errege Erreineta eta Perlestina. Denak 3,50 euroan saldu ditu kiloa.
Elosegik, berriz, Alpigala eta Inobi sagar motak izan ditu gaurkoan, hauek ere 3,50 euroan kiloa.
Eskaintza zabala
Azokako bitxikerietako bat Iñaki Intxaustiren Mendarte baserriko postuan aurkitu ahal izan da. Zeraingo ekoizleak 900 gramo inguruko berenjena pinttoa eraman du gaurkoan, tamainagatik arreta berezia piztu duena. Berenjenaren kiloa 3,80 eta 4,50 euro artean saldu dute.
Perretxikoek ere lekua izan dute gaurkoan Ordizian. Miren Pagolaren (Lasa) postuan, Nafarroatik ekarritako gorringo perretxikoak izan dira, 28 euroan kiloa, eta zizahoriak, berriz, 25 euroan kiloa.
Sustrai Askeak
Gaurkoan, Natalia ere izan da Ordiziako azokan, fruta eta barazkiekin. Sustrai Askeak proiektuko kidea da, eta astero etortzen da plazara sasoiko produktu freskoak eta teknika tradizionalen bidez kontserbatutako jakiak eskaintzera.
Duela bi hamarkada beganismoaren aldeko hautua egin zuen, animalien sufrimendua saihesteko asmoz. Harrezkero, bizimodu hori uztartzen du Bidania-Goiatzeko baserri batean garatzen duen %100 begetala den nekazaritza-proiektuarekin. Gaurkoan, bere baratzeko barazkiez gain, Asteasuko Agrojateko frutak ere ekarri ditu azokara.
Belaunaldi berriak azokan
Azokako beste irudi aipagarrietako bat postuetako gazteen presentzia izan da. Abuztuko oporrak baliatuta, hainbat gazte gurasoei laguntzera eta azokako lana gertutik ezagutzera hurbildu dira hilabete honetan.
Hala, belaunaldi ezberdinetako ekoizle eta saltzaileak elkartu dira uda sasoian Ordiziako plazan, azokaren eguneroko jardunari belaunaldi berrien ekarpena ere gehituz.













