Bertako produktuak eta gastronomia begetala, Kixkurguneren oinarri
Pintxoak eta errazioak eskaintzen dituzte nagusiki, eta Euskal Herriko plater tradizionalak eta nazioarteko gastronomiako proposamenak uztartzen dituzte.
Kixkurguneko Amalia eta Andres. Amalia eta Andres ama-seme lazkaotarrek Zaldibiako Kixkurgunen proiektu berria jarri dute abian. Olaeta auzoko Goizane eraikinean dagoen tabernan, eskaintza gastronomiko guztiz begetalean oinarritutako proposamena prestatu dute.
Pintxoak eta errazioak eskaintzen dituzte nagusiki, Euskal Herriko plater tradizionalak eta nazioarteko gastronomiako proposamenak uztartuz. Plater ia guztiak %100 begetalak dira, eta bertako produktuei protagonismo berezia eman nahi diete.
Andres duela urte batzuetatik dago Biziola kooperatibarekin harremanetan, eta lotura hori ere proiektuaren oinarrietako bat da. «Kilometro zeroko produktu ekologikoak eskainiz, ekonomia zirkularra sustatu eta bertako produktuak ezagutarazi nahi ditugu», azaldu du Andresek.
Kixkurgune oraindik lehen pausoak ematen ari den arren, datozen asteetan eguneko menua eskaintzen hasteko asmoa dute. «Eguneroko langileentzat eskaintza ekonomiko bat egotea nahi dugu», azaldu dute.
Askotariko eskaintza
Gaur egun, hainbat plater eta pintxo aurki daitezke Kixkurgunen. Besteak beste, albondigak, piper beteak, barazkiekin egindako odolkia, falafelak eta aranciniak dituzte. Azken horiek arroz frijituzko bolak dira, berenjena eta onddoekin beteak, eta tofuarekin egindako gazta-krema batekin lagunduta.
Kroketen artean ere hainbat aukera eskaintzen dituzte, onddoz nahiz porruz eta urraz egindakoak, esaterako. Horrez gain, gilda begetalak ere badituzte. Gozozaleentzat, berriz, txokolatezko eta limoizko bizkotxoak izaten dituzte barran, arrautzarik eta esnerik gabe eginak.
Eskaintza nagusiki guztiz begetala izan arren, Euskaber arrautzekin egindako patata-tortillak ere prestatzen dituzte. Plater guztiak, gainera, beraiek egiten dituzte.
Eskaintza begetalaren aldeko apustua
Andres duela hamar urte egin zen begano, animalien sufrimendua sahiesteko asmoz. Erabaki horretatik abiatuta, 2019an Sukaldaritzako Zuzendaritza Goi Mailako Gradua egin zuen CEBANCen. Hala ere, aurretik ere bazuen ostalaritzaren munduaren berri lazkaotarrak, zenbait urtez zerbitzari moduan lan egin baitzuen.
Kixkurguneko proiektua martxan jartzeko aukera sortu zenean, Goimenekin harremanetan jarri eta bere ideia aurkeztu zien: %100 begetala izango zen taberna bat zabaltzea.













