Gipuzkoako Artzain Eguna irailaren 6an ospatuko dute Legazpin
Egun osorako egitaraua prestatu dute, goizetik arratsaldera bitartean hainbat jarduerarekin.
Artxiboko argazkia. Legazpiko Udalak argitaratu du dagoeneko 2026ko iraileko agenda, eta ikasturte berria ekintzaz beteta hasiko dute herrian.
Urteroko hitzordu garrantzitsuenetako bat Gipuzkoako Artzain Eguna izaten da, aurtengoan irailaren 6an ospatuko dutena. Egun osorako egitaraua prestatu dute, goizetik arratsaldera bitartean hainbat jarduerarekin.
Goizean zehar, besteak beste, Euskal Herriko Latxa arrazako ardi eta aharien erakusketa, Artzai Gazta elkarteko kideen gazta salmenta, sagardo dastaketa, artisauen erakusketa eta azoka izango dira udaletxearen aurrealdean. Horrez gain, haur jolasak eta zintzarriei buruzko erakusketa ere egingo dituzte Plazaolako parkean.
14:30ean, berriz, herri bazkaria egingo dute Aitxuri jatetxean. Arratsaldean, Gipuzkoako 57. Euskal Artzain Txakur Txapelketa jokatuko dute. 17:30ean hasiko da, Urtatzako zelaian, urtegirako bidean’.
Jarraian egitarau osoa:
- 10:00 Postuen irekiera
- 9:45-10:30 Lehiaketarako gaztak jasotzeko tartea
- 10:45 Gipuzkoako Artzain Gaztaren 42. Lehiaketaren hasiera
- 11:00 Gaztagintza tailerra haur eta gaztetxoentzat
- 11:00 Gazta dastaketa: herritarren saria (1.go gazta bukatzen den arte)
- 11:00 Legazpi Musika bandaren kalejira
- 11:30 Sagardo dastaketaren irekiera
- 12:00 Gazteek osatutako epaimahaia Gazta Lehiaketan
- 12:00 Pintxoen banaketa
- 12:15 Ardi mozketaren erakustaldia
- 13:00 Artzainei omenaldiak: Iñigo Eizagirre, Juan Carlos Olasagasti eta Miguel Taberna
- 13:30etik aurrera: sari banaketa: Elustondo anai-arrebak girotuko dute goiza trikitixa emanaldiarekin.
- 14:30 bazkaria Aitxuri jatetxean
- 17:30 Gipuzkoako 57. Euskal Artzain Txakur Txapelketa













