Legazpiko Asanblada Feministak udan gertatutako jazarpen matxistak gaitzetsi ditu
Gizon batek bertan kirola egiten ari ziren emakumeak iraindu, iruzkin lizunak egin eta atzetik jarraitu dituela salatu dute.
Azaroaren 30eko Legazpiko Asanblada Feministaren argazkia. Legazpiko Asanblada Feministak udan zehar Legazpitik Urretxu-Zumarragara doan bidegorrian jazarpen matxistak eman direla salatu du. Taldeak azaldu duenez, gizon batek bertan kirola egiten ari ziren emakumeak iraindu, iruzkin lizunak egin eta atzetik jarraitu ditu.
Asanblada Feministak gertakari horiek gaitzetsi ditu, eta nabarmendu du emakumeen aurkako indarkeriaren adibide argiak direla eta, ondorioz, erabat onartezinak.
Egindako komunikatuan, bidegorriaren inguruan gertatzen ari denari adi egoteko eskatu dute, eta emakumeren batek laguntza eskatuz gero, laguntza eskaintzeko eta egoeraren aurrean ez ikusiarena ez egiteko deia egin dute.
Halaber, antzeko egoeraren bat bizi izan duen edonori Asanblada Feministarekin harremanetan jartzeko aukera eskaini diote. Horretarako, matrakalegazpi@gmail.com helbidera idatzi daiteke.













