Gipuzkoako Artzain Eguna ospatuko dute igandean Legazpin
Zintzarri erakusketa eta ardi haragiarekin egindako hanburgesa dastaketa dira berrikuntza nagusiak.
Igande honetan Gipuzkoako Artzain Eguna ospatuko da Legazpiko Euskal Herria plazan. Urteroko moduan, Gipuzkoako Artzain Gaztaren lehiaketa, gazta eta sagardo dastaketa eta euskal artzain txakurren lehiaketa izango dira ekitaldi nagusiak. Berrikuntzei dagokienez, bi izango dira: zintzarri erakusketa eta Gabiriako Baztarrika baserriko ardien okelarekin egindako hanburgesen dastaketa.
Postuak 10:00etan irekiko dira. 11:00etan, berriz, Gipuzkoako Artzain Gaztaren 42. Lehiaketari hasiera emango zaio. Ordu berean, haurrek eta gaztetxoek gaztagintza tailerren parte hartu ahal izango dute, herritarrek lehiaketara aurkeztutako gaztak dastatu eta gustukoenaren aldeko botoa eman ahal izango dute eta Legazpiko musika bandak kalejira egingo du.
11:30ean sagardo dastaketa hasiko da. 12:00etatik aurrera, berriz, Gabiriako Baztarrika baserriko ardien okelarekin egindako hanburgesa txikiak banatuko dira. 12:15ean ardi mozketa erakustaldia egingo dute eta 13:00etan hiru artzain omenduko dituzte. Amerikan artzain aritutako Juan Carlos Olasagasti eta Miguel Taberna lesakarrak eta Aiako Orotergi baserriko Iñigo Eizagirre. 13:30ean sari banaketa hasiko da.
Goizean zehar beste hainbat ekitaldi ere izango dira: haur jolasak, Elustondo anai-arreben trikitixa emanaldia, latxa arrazako ardi eta ahari erakusketa, Artzai Gazta elkarteko kideen gazta salmenta eta artisauen erakusketa.
14:30ean herri bazkaria egingo dute Aitxuri jatetxean. Arratsaldean, Gipuzkoako 57. Euskal Artzain Txakurren Lehiaketa egingo dute Urtatzako zelaian (urtegirako bidean). Sei artzainek parte hartuko dute: Aitor Tato ataundarrak Fidel eta Sua txakurrekin, Jose Mari Bengoa oñatiarrak Argirekin, Jesus Mari Plazaola arrasatearrak Batekin, Jabier Zubiaurre mutrikuarrak Listarekin, Jose Martin Tolosa tolosarrak Bururekin eta Mikel Calderon urretxuarrak Suarekin.
Gipuzkoako Artzain Eguna gaur goizean aurkeztu dute Legazpiko udaletxean. Ekitaldian Edurne Matias Legazpiko zinegotziak, Agurtzane Gabiria Legazpiko Makatza baserriko artzainak, Susana Torregarai udal teknikariak, Estepan Plazaola Gipuzkoako Artzain Txakurren Elkarteko kideak eta Jose Mari Bengoa artzain txakurren lehiaketako antolatzaile eta parte hartzaileak parte hartu dute.
Matiasek jendea Artzain Egunean parte hartzera gonbidatu du eta Gabiriak egitarauaren berri eman du. Garmendiak zintzarriek aurtengo edizioan protagonismo berezia izango dutela azpimarratu du. «Zintzarria oso garrantzitsua da artzainarentzat. Egun beste baliabide batzuk ere badaude ardiak non dauden jakiteko, GPSa adibidez, eta zintzarriak protagonismo apur bat galdu du. Hori dela eta, zintzarri erakusketa antolatu dugu. Gipuzkoan zorionez zintzarrigile bat dugu, Josu Aizpuru, eta zintzarriak nola egiten dituen erakutsiko du. Horretaz gain, zintzarriarekin jolasak egingo dira».
Bengoa artzaina da eta zintzarriak oraindik garrantzitsuak direla esan du. «Ardiak oso leku malkartsuetan ibiltzen dira eta atzo (astelehena) zintzarriei esker aurkitu nituen. Ardietako batek hanka hautsita zuen. Zintzarririk izan ez balu, hil egingo zen. Gainera, zintzarriak ardientzat ere garrantzitsuak dira. Banatzen direnean, zintzarriaren soinuari esker aurkitzen dituzte artaldeko kideak. Zintzarriak, makila eta txakurra ezinbestekoak ditugu».
Bengoak artzain txakurren lehiaketari buruz ere hitz egin du. Lehiaketan parte hartuko duten txakurretako batzuk gazteak direla aipatu zuen eta ikusleei ulermena eskatu die. «Txakur gazteekin lehiatzea ez da erraza», esan zuen. Plazaolak irailaren 19an Euskal Herriko lehiaketa eta 27an Oñatiko nazioarteko lehiaketa jokatuko direla gogoratu du. Legazpiko lehiaketako bi onenek Euskal Herrikoan parte hartuko dute eta irabazleak Oñatikoan. Herritarrak lehiaketez gozatzera animatu ditu. «Txakurrak oso garrantzitsuak dira. Aralarko artzain guztiek txakurrak dituzte».
Gabiriak gazta lehiaketan parte hartuko du. «Gipuzkako Artzain Eguna urteko azoka garrantzitsuena da guretzat. Asko saltzen da, egun polita da eta txapelketak izena ematen du», esan du.













