'Morlans' ez-fikziozko nobela aurkeztu du Xabier Mendigurenek
1991ko abuztuaren 17an, Donostiako Aste Nagusiko larunbata zela, Guardia Zibilak Morlans auzoko Tolaretxe etxea inguratu zuenekoa kontatzen du. ETAko hiru kide hil zituen. Gertaerekin batera, gogoetak tartekatzen ditu, eta hildakoen profilak eta haien bizitzen biografia laburrak eskaintzen ditu.
Xabier Mendiguren (Beasain, 1964) euskal idazle eta editoreak Morlans bere azken lana kaleratu eta gaur aurkeztu du Donostiako Fermin Kalbeton kaleko Elkar dendan. 1991ko abuztuaren 17an, Donostiako Aste Nagusiko larunbata zela, Guardia Zibilak Morlans auzoko Tolaretxe etxea inguratu zuenekoa kontatzen du. ETAko hiru kide hil zituen: Iñaki Ormaetxea urbinarra (Araba), Patxi Iziar mutrikuarra (Bizkaia) eta Jokin Leunda beasaindarra. Ez-fikziozko nobela sortu du Mendigurenek.
Liburuaren aurkezpenari heldu aurretik, beste berri bat eman dute: Mendigurenek erretiroaren bidea hartuko duela, eta dedikazioa murriztuko duela Elkarren. Esker hitzak eskaini dizkiote egindako ekarpenagatik, “Elkar argitaletxeari baina baita euskal kulturari ere”. Mendigurenen lekukoa hartuko du Elkarreko literatura editore gisa Itzea Urkizu Arsuagak. Bera ere izan da aurkezpenean, eta azaldu du, oraindik dedikazioa osorik ez duenez utziko, “ikasteko aukera izango” dutela elkarrekin lanean.
Arsuagak ekin dio gero liburuaren nondik norakoak azaltzeari. Mendigurenen 40. liburua da Morlans, “gutxi gorabehera”, eta Oso latza izan da liburuaren unibertsoan kokatzen da. Izenburuak kokapen geografikoari egiten dio erreferentzia, Morlans auzoari, eta azalak ere pista batzuk ematen ditu: “Odolaren gorria, tiro markak”.
Bi garairen artean antzekotasunak
Lau ordu eta erdiko tiroketa izan zen 1991ko abuztuaren 17ko goiz horretan gertatutakoa: “Fikziorik gabeko nobela bat egitea erabaki du, hala sortu du eta momentu hura bizi izan zutenek berriro freskatu ahal izango dute, eta bizi ez genuenok jakin ahal izango dugu historiaren zati hori”.
Mendigurenek hartu du hitza ondoren. Morlans liburua Oso latza izan da lanaren (Joxe Arregiren heriotza 1981eko otsailean eta haren gorpuaren historia eta orduko giroa kontatzen ditu hartan) gibelean sortu du, eta bi gertakarien artean 10 urteko aldea badago ere eta bi garai, bi giro, eta gizartean eta gatazka bizitzeko moduan desberdintasunak badaude ere, badituzte antzekotasunak egilearen esanetan. “Egiazko gertakarietan oinarrituta daude, gure historia hurbilaz, euskal gatazka deitzen zaion hori agertzen da, eta fikziorik ez egiteko hautua bietan”. Baina “halere literatura” gailentzen dela nabarmendu du: “Ez da kronika hutsa, ez da erreportaje bat… baina badu horretatik guztitik”.
“Egiazko gertakarietan oinarrituta daude, gure historia hurbilaz, euskal gatazka deitzen zaion hori agertzen da, eta fikziorik ez egiteko hautua bietan”
Xabier Mendiguren. Euskal idazle eta editorea
Pasarte txikiekin, erritmoa
Liburuak, Morlans lanak, “ez du asmaketarik, ez du fikziozko ezer” idazleak esan duenez. “Ez dago deskubrimendu handirik”. Gertaerekin batera, gogoetak tartekatzen ditu, eta han hil zirenen profilak eta haien bizitzen biografia laburrak eskaintzen ditu. “Han badaude pasarte hunkigarriak, barregarriak… militante horietako bakoitzaren senide eta lagunekin egon nintzen eta hainbat istorio kontatu zidaten benetan kontatzea merezi dutenak”.
Ehun orri pasatxo dituen liburua da, pasarte txiki asko biltzen dituena. Horrek, egilearen hitzetan, “erritmo bizi bat ematen dio”.
Ez zuen modu horretan idatzi nahi hasieran. Ez zuen hiru hildakoengan zentratu nahi. Egun horretan beste hainbat atxiloketa egin ziren komando harekin lotuta, eta haiekin hitz egiteko asmoa zuen Mendigurenek. “Baina halako batean elkarrizketa batzuk egin nituen eta batek esan zidan ez zuela agertu nahi, momentu horretan Covite eta horrelakoak inputazioak asmatzen eta ikertzen-eta ari zirela eta beldur hori eta mehatxu hori hor zegoela”, azaldu du.
Beldur eta presioak
Horrek hasierako asmoa aldatu zion, eta hildakoak bihurtu zituen protagonista. Aurkezpenean hasierako asmo eta bukaerako emaitza horiek azaldu nahi izan ditu, beldur eta presio horien existentzia plazaratzeko: “Esan nahi nuen, ze hogeitapiko urte egin zituzten kartzelan, teorian estatuarekin zuten zorra-edo ordaindu dute, baina beldurrez bizi dira berriz ere ezpata zorrotz hori gainera eroriko zaielako”.
Aurkezpena amaitzeko, futboleko munduko txapelketako finalaren egunean zinean ikusi zuen Christopher Nolanen Odisea filma aipatu du ohoratze eta agur esateko eskubideari buruz hitz egiteko: “Ulisesek Itakara itzuli eta gero erabakitzen du berriz itsasontzia hartzea eta bere hildako lagunak ohoratzea, eta pentsatu nuen hildakoak agurtzea eta ohoratzea ideologiatik at dagoen zerbait dela, gizatasunari lotua. Morlansekoekin ezin da inon plakarik jarri, horrelako agur eta ohorerik egin”.













