Baserritarren egunerako postuak jartzeko izen ematea irekita
Urriaren 11n ospatuko da Idiazabalen, Euskal Herriko Artzain Gazta Txapelketarekin batera. Postuak jartzeko izen ematea irailaren 30era arte dago irekita.
Ganadu erakusketa iazko Baserritarren Egunean.Idiazabalgo Udala Ohitura den bezala, urriko bigarren igandean Baserritarren Eguna eta Euskal Herriko Artzain Gazta Txapelketa egingo dituzte Idiazabalen. Gazta dastaketa, ganadu erakusketa, herri kirolen erakustaldia eta beste hainbat ekitaldi izango dira egunean zehar.
Horrez gain, artisauen lanak eta baserritarren jakiak ikusi, dastatu eta erosi ahal izateko aukera ere egongo da. Azokan postua jartzeko interesa duten ekoizleek eskaera egin beharko dute udalaren webgunean irailaren 30a baino lehen. Horretarako, web gunean bertan dagoen eskaera-orria jaitsi eta bete egin beharko dute, eta ondoren online erregistratu, dagokion gainerako dokumentazioarekin batera.
Azokako postuak 2×1 metrokoak izango dira eta udalak jarriko ditu. Azokaren ordutegia 10:00etatik 14:00etara izango da.













