Bertsoaren lehia hasteko prest
Larunbatean Hazparnen hasiko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, eta Iruñean bukatuko da abenduaren 20an. Nerea Elustondo legazpiarra, Amaia Iturriotz urretxuarra eta Eneko Araiztegi segurarra ariko dira. Aizpea Garmendia lazkaotarra gai-jartzaile izango da, aurrenekoz.
Aizpea Garmendia, Amaia Iturriotz, Eneko Araiztegi eta Nerea Elustondo.Hitza Oraindik ez da bertsorik puntuatu, bertsolariak ez dira puntuak metatzen hasi eta ez dago sailkapenik. Baina Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa hastear dela nabari da dagoeneko: plazak ezarri dira, baita plaza bakoitzeko bertsolari eta gai-jartzaileak ere, eta bertsozaleek dagoeneko badituzte saioetako sarrerak salgai. Hilabete luzeetako prestaketa lanen ondoren, hastear da mimo handiz prestaturiko txapelketa.
Guztira, hamabost saio izango ditu txapelketak, eta bihar izango da lehena, larunbatean, Hazparnen (Lapurdi). Hiru fase izango ditu txapelketak, eta 50 bertsolari ariko dira nor baino nor; bai Herrialdekako txapelketa bidez sailkaturikoak, bai 2022ko txapelketako finaleko zortzi finalistak. Lehen fase horrek, hain zuzen, 2022koak baino saio bat gehiago izango du; zazpi izango dira lehen faseko saioak, eta horri esker, Euskal Herriko zazpi lurraldeetara zabalduko dira kantaldiak.
Finalaurrekoetan bi itzuli
Finalaurrekoak iritsiko dira gero, eta bi itzuli izango dituzte. Lau saio izango dira lehen itzulian, eta 24 bertsolari ariko dira kantuan. Lehen faseko saio bakoitzeko irabazleak zuzenean eskuratuko du sailkapen txartela, eta puntuazioaren arabera hautatuko dira gainerako hamarrak. 2022ko finalistek bigarren fase horretan hasiko dute txapelketako ibilbidea.
Ondoren, finalaurrekoen lehen itzulian kantuan arituko diren horien arteko 18 pasatuko dira bigarren itzulira, eta bi itzulietan lortutako puntuazioaren arabera erabakiko dira Maialen Lujanbiorekin batera kantatuko duten gainerako zazpi finalistak.
Txapelketak Goierrin paradarik egingo ez badu ere, goierritarrek izango dute ordezkaritzarik bertsolarien artean. Gipuzkoako Txapelketan lortutako sailkapenak hala erabakita, Nerea Elustondo legazpiarra, Amaia Iturriotz urretxuarra eta Eneko Araiztegi segurarra ariko dira lehian. Gai-jartzaileen artean, berriz, Aizpea Garmendia lazkaotarra ariko da.
NEREA ELUSTONDO PLAZAOLA. Bertsolaria

Nerea Elustondo Plazaola bertsolari legazpiarra.Bertsozale elkartea
«Ederra litzateke helburuak koskaz koska berritzea»
Nerea Elustondok Gipuzkoako Txapelketako azken agurrean aipatu zuen «ilea urdindu arte» jarraituko zuela txapelketan, eta ilea oraindik urdindu ez bazaio eta eskoletan kurtso hasierek suposatzen duten «eromenean itota» badago ere, «gogotsu» dago txapelketari heltzeko. Eta ez da gutxiagorako, plazaz beteriko uda izan baitu legazpiarrak: «Azken hilabeteetan inoiz egin ditudan bertso saio gehien egiteko zoria izan dut, eta plaza eta txapelketa bi jarduera oso desberdin direla jakitun banaiz ere, inoizko prestatuen iritsiko naiz udazkenera».
«Azken hilabeteetan inoiz egin ditudan bertso saio gehien egiteko zoria izan dut»
Lehen faseko azken saioan (urriak 11) kantatuko du Elustondok, Agurainen. Haren ustez, aldagai askok parte hartzen dute txapelketan eta «gutxi batzuk besterik ez dira bertsolariaren esku egoten». Horrela, «ahal den ondoen egitea eta ahal den urrutien iristea» izaten dira bertsolariaren helburuak, maiz. Baina ez dio bere buruari «mugarik» jarri nahi: «Inteligenteena helburuak saioz saio jartzea dela iruditzen zait; beraz, aurrenekoa, Agurainen saio on bat egitea litzateke eta hala aterako balitz, final erdiek ez lukete urrun behar. Ederra litzateke helburuak koskaz koska berritzeko aukera izatea».
Txapelketaren aldagai eta ezaugarriez ere mintzatu da, eta txapelketek sortzen duten «egonezina», jartzen zaien «fokua», ematen duten «bozgorailua» eta emozionalki suposatu dezaketen «desgastea» aipatu ditu. «Krudela ere izaten da askotan, baina izan dezake ederretik ere… hara joaten garenak ez gara joaten masokistak garelako bakarrik», gaineratu du.
AMAIA ITURRIOTZ ETXANIZ. Bertsolaria

Amaia Iturriotz Etxaniz bertsolari urretxuarra.Bertsozale elkartea
«Asko daukat ingurukoei eskertzeko»
Amaia Iturriotzek Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan kantatzea bera zuen helburu Gipuzkoako Txapelketan, eta arrakasta handiz lortu zuen Euskal Herrikorako txartela. Behin barruan egonda, «bertsolari gisa hobetzea» du helburu, baina «fasez pasatzea» ere gustatuko litzaioke urretxuarrari.
Helburu horretara bidean, dagoeneko «martxa hartuta» dagoela onartu du, nahiz eta jakitun izan uda bera ez dela «diziplinarako eta lan konstantea egiteko garai errazena» izaten: «Opor garaian bertsoa beste modu batzuetan lantzen saiatu naiz».
«Bertsolarion lagunek eta bikoteek ere diplomaren bat merezi dute garai hauetan gu aguantatzeagatik»
Tolosako saioan (urriak 4) kantatuko du, eta «gogotsu» dago bai kantatzeko, bai «gainerakoak entzuteko». Konfiantza beharrezkoa dela dio, batez ere txapelketako plaza handiek eskatzen duten «tenple eta lasaitasuna»lortzeko.
«Aldarte hori lortzen» saiatuko dela nabarmendu du, eta helburu horretara bidean, «beharrezkoak» izango ditu ingurukoak ere. Izan ere, Gipuzkoako Txapelketako azken agurrean jakinarazi zuen modura, «bertsoa ere jendez egiten da». «Asko daukat bertso eskolan gurekin elkartu eta laguntzen diguten kideei eskertzeko; bertsolarion lagunek eta bikoteek ere diplomaren bat merezi dute garai hauetan gu aguantatzeagatik», azpimarratu du.
ENEKO ARAIZTEGI AGIRRE ‘KORTA’. Bertsolaria

Eneko Araiztegi Agirre ‘Korta’ bertsolari segurarra.Bertsozale elkartea
«Irabazteko askoz gehiago daukat galtzeko baino»
Eneko Araiztegik aurreneko aldia du Euskal Herriko Txapelketan, eta ustez, bere formarik «onenean» iritsi da atarira: «Leku ezberdinetan eta bertsokide askorekin entrenatzeko aukera izan dut Gabirian, Hernanin, Etxarrin… bertsotan gorakada txiki bat izan dudala sumatzen dut». «Gustura» dago egindakoarekin, «asko disfrutatu» baitu orain arteko bidea.
«Daukadan dena emanda geratzea nahi nuke; saio on bat egitea lortzen badut, emaitza ere berariaz etorriko da»
Altsasuko saioan (irailak 26), hala, hori erakutsi nahiko luke, eta bertso bakoitzean «ahalik eta kontzentratuena» egotea espero du: «Daukadan dena emanda geratzea nahi nuke; saio on bat egitea lortzen badut, emaitza ere berariaz etorriko da».
Aurrenekoz ariko den arren, txapelketak ez du segurarra «bereziki urduritzen»: «Irabazteko askoz gehiago daukat galtzeko baino, eta presioa ere uste dut beste batzuk askoz gehiago eramango dutela. Gogoa gehiago daukat urduritasuna baino».
AIZPEA GARMENDIA IARTZA. Gai-jartzailea

Aizpea Garmendia gai-jartzaile lazkaotarra.Bertsozale elkartea
«Erronka handia da, baina gustura hartuko dut»
Aizpea Garmendia lazkaotarrak aurreneko aldiz izan du Euskal Herriko gai-jartzaileen lan-taldean egoteko aukera. Aurretik Gipuzkoako Txapelketako taldean ere egon da, eta dioenez, «hor ikasitakoak asko lagundu» diote: «Txapelketetatik kanpoko saioak izatea ere garrantzitsua izaten da, plaza, bertsolariak eta bertsozaleak ezagutu eta gai ezberdinek nola funtzionatzen duten ikusteko».
«Maila politeko saioa izango da, baina gainerako saio zein plazetan baino tentsio gehiago ere izango da ziurrenik, eta hori kudeatzea tokatuko zait»
Aspaldi ekin zioten lanari, baina larunbatetik aurrera plazaratuko dira aurrez prestaturiko gaiak, eta egindako lan guztiaren zatirik handiena. Lehenengo finalaurrekoan izango da Garmendia, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi eta lehenengo fasetik sailkatuko diren gainerakoekin. «Erronka handia» izango dela ziurtatu du, baina «oso gustura» hartuko duen erronka. «Maila politeko saioa izango da, baina gainerako saio zein plazetan baino tentsio gehiago ere izango da ziurrenik, eta hori kudeatzea tokatuko zait».









