Erosleak eta ekoizleak batzen dituen azoka
Igandean ospatuko da Zeraingo 32. Azoka ekologikoa, Biolurrek, Zerain Dezagun Fundazioak, ENEEK-Ekolurrak, Biziolak eta Zeraingo Udalak antolatuta.
Hiru hamarkadatako mugarria gaindituta eta Gipuzkoako azoka ekologiko zaharrenaren tituluarekin ospatuko da aurten ere Zeraingo 32. Azoka Ekologikoa igande honetan. Biolurrek, Zerain Dezagun Fundazioak, ENEEK-Ekolurrak eta Biziolak Zeraingo Udalaren laguntzarekin antolatuko dute azoka, beste behin. Hain zuzen, azokak irekiko du aurten urriaren 24 arte luzatzen den Goierriko 17. Hamabostaldi Ekologikoa.
Goierrin ez ezik, Gipuzkoan ere erreferente izaten jarraitzen du Zeraingo azoka ekologikoak, «bizimodu eta kontsumo kontzienteago» bat aldarrikatuz. Azokak, Goierriko Hamabostaldiak bezala, «nekazaritza ekologikoa eta kontsumo eredu iraunkorrak» bultzatzen ditu, «tokiko ekoizpena eta elikadura osasuntsu eta jasangarria» sustatzeko beharrari ere azpimarra eginez.
Gaur egungo krisi ekosozialaren testuinguruan, «lurrarekin eta bere mugekin bat datozen bizitzeko moduak» ere azaleratu nahi ditu.
Azoka bat baino gehiago
Zeraingo azoka ekologikoa kontsumitzaileen eta bertako ekoizleen arteko topagune izango da berriz. Egitarauak ekintza praktikoak eta hausnarketarako espazioak uztartuko ditu, «komunitatea indartuz herritartasun kritikoa sustatuz eta bizimodu iraunkorragoak josten lagunduz».
Aurten, Biolurreko hogei bat inguru ekoizlek jarriko dituzte euren postuak Zerainen. Gehienak, urteroko hitzordura hutsik egiten ez duten goierritarrak dira. Barazkiak, gaztak, marmeladak, haziak, ogia, fruta… izango dira aukeran, besteak beste, igandean. «Ekoizleen lana ezagutu eta bertakoa eta ekologikoa erosteko aukera paregabea da Zeraingo azoka», adierazi dute antolatzaileek.
Igandeko azoka artisauen eskaintzak osatuko du; aurten hamabost bat inguru izango dira. Lehengaien artean, aurten saskigintza tradizionalari egingo zaio txoko bat. Jose Luis Etxeberria eta Arrate Lizarralderen eskutik.
Itsasoko Hariztizabal baserriko Itsaso Olabiderekin gailetak egiteko aukera izango da herriko egurrezko labean, eta azken urteetan bezala, Osoa Cooking-eko Anne Otegi itsasondoarrak azokan erositako produktuekin «errezeta goxoak» egingo ditu.
Eta aurten lehen aldiz, azokak dirauen bitartean Zeraingo museo etnografikoko ateak zabalik izango dira, gerturatzen den edonork bisitatu dezan. Bertan, Pirinioetako Burdin Bidearen argazki erakusteka izango da ikusgai.
Zeraindarren babesarekin
Azoka ekologikoa zeraindarren azoka kuttuna da eta herritarren auzolanik gabe «azoka ez litzatekeela errealitate bat izango» nabarmendu dute antolatzaileek. Azoka jai giroan amaitzeko, herri bazkari ekologikoa ere antolatu dute. Biziolak egindako paella izango da aukeran, eta txartelak dagoeneko salgai daude 15 eurotan Zeraingo turismo bulegoan, Goierriko Baratzan eta Biziolan.














