Ikasturte berriari ekin dio Ordiziako Jabekuntza Eskolak
Ikasturte berrirako ondu duten programa aurkeztu dute. Izen emateak irailaren 30era arte daude zabalik. Urrian hasiko dituzte jarduerak.
Ainhoa Jimenez eta Kristina Altuna, Ordiziako Jabekuntza Eskolan. Ordiziako Udala Ordiziako Emakumeentzako Jabekuntza Eskola berriz ere martxan da, eta ikasturte berrirako prestatu duten programa aurkeztu dute. Emakume guztiei zuzendutako espazioa da, adina, jatorria, sinesmena edota sexu-orientazioa kontuan hartu gabe, eta besteen artean, emakumeen arteko harremanak eta ezagutza trukatzea, hausnarketa eta ahalduntzea sustatzea eta espazio seguruak eskaintzea du helburu.
Iazko moduan, aurten ere askotariko tailerrak eta jarduerak antolatuko dituzte: ongizate emozionala eta autokudeaketa, sormenezko argazkigintza, komunikazioa eta ahalduntzea, etxearen antolaketa eta zaintzak, emakume migratuentzako topagunea eta askotariko kultur proposamenak. Liburu-aurkezpenak, antzerkia eta beste jarduera batzuk ere izango dira, gainera.
Ainhoa Jimenez Berdintasuneko zinegotziak espazioaren garrantzia azpimarratzeaz gain, herriko emakumeak parte hartzera animatu ditu. Interesdunek izen-ematea irailaren 30era arte egin ahal izango dute, eta urrian hasiko dira jarduerak. Jarduera bakoitzaren inguruko informazioa eta izen emateko bideak Jabekuntza Eskolaren programan -udalaren web orrian eskura dago- kontsultatu daitezke.
Informazio gehiagorako: jabekuntzaeskola@ordizia.eus













