Maurice Ravelen euskal erroak aldarrikatuko ditu Pierne Trioak
Igandean, irailaren 20an, Igartza Musika zikloaren barruan kontzertua eskainiko du hirukoak, Igartzako jauregian 19:00etan.
Pierne Trioa: Teresa Valente, Itxaso Sainz de la Maza eta Laura Delgado.Hitza Pierne Trioak Maurice Ravel musikagilearen euskal erroak aldarrikatuko ditu igandean Igartzako jauregian eskainiko duen kontzertuan. Igartza Musika zikloaren barruko emanaldia da. 19:00etan hasiko da.
Maurice Ravel. Euskal arimadun konpositorea proiektua eramango du hirukoak Igartzako jauregira ganbera-musika ardatz duen emanaldiarekin. Ziburuko jeinu unibertsalaren sorkuntzan euskal folkloreak eta sustraiek izan zuten eragin sakona ezagutzera emango dute horren bidez.
Goi-mailako prestakuntza duten hiru musika-irakasle eta interpretatzaile hauek osatzen dute hirukotea: Laura Delgado biolina, Teresa Valente biolontxeloa eta Itxaso Sainz de la Maza pianoa.
2019tik batera jotzen dute eta Soinuaren Bidaia taldeko kide dira. Besteak beste, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren eta Donostiako Musika Hamabostaldi Ibiltariaren ganbera-musikako zikloetan parte hartu dute.
Ospetsuak diren obrak interpretatzeaz gain, ahaztutako edo publiko zabalak gutxi ezagutzen dituen obrak berreskuratu eta ezagutaraztea dute helburu.













