'Nola elkar zaindu nahi dugu Beasainen?' proiektuko Talde Eragilea sortuko dute
Irailetik maiatzera bitartean bost lan saio egingo dira. Hitzordu guztiak irekiak dira, eta antolatzaileek herritarrak deitu dituzte parte hartzera.
'Nola elkar zaindu nahi dugu Beasainen?' proiektuaren aurkezpeneko irudia, joan den irailaren 16an.Beasaingo Udala Beasaingo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Matia Institutuak martxan jarritako Nola elkar zaindu nahi dugu Beasainen? proiektuko hurrengo urratsa zehaztu dute: Talde Eragilea sortzea. Joan den irailaren 16an izan zen aurkezpena. Ia 40 lagun elkartu ziren eta, udalak azaldu duenez, profil aniztasun zabala egon zen.
Adineko pertsonak, zaintzaile profesionalak, etxean zaintza beharrak dituzten pertsonak, udal teknikariak, arduradun politikoak eta tokiko hainbat elkarte zein erakundetako kideak bildu ziren Igartzako jauregian egindako aurkezpenean. Beasaingo zaintza-ekosistema berriaren oinarriak jartzea da prozesuaren helburua.
“Erantzun honek argi utzi du zaintzaren gaia beasaindarren eguneroko bizitzari lotuta dagoela eta gizartean ardura zein konpromiso handia dagoela. Topaketan parte hartu duten herritarrek jarrera aktiboa erakutsi zuten euren kezkak zein proposamenak azaltzean, eta kudeatzaile publikoei epe luzerako egitasmo sendo eta gardena bermatzea eskatu zieten”, azaldu du udalak aurkezpenari buruz.
Beasainen lehendik martxan dauden baliabide eta esperientzietatik abiatuta, sare zabal eta eraginkorra jorratzea da proiektuaren helburua.
Lanak amaitzean, herri topaketa
Talde Eragilea osatzea da hurrengo pausoa. Irailetik maiatzera bitartean bost lan saio egingo dira. Hitzordu guztiak irekiak dira, eta antolatzaileek herritarrak deitu dituzte parte hartzera.
Lehen saioa, irailaren 29an, elkar ezagutzeko eta zaintzaren inguruko balio partekatuak ezartzeko baliatuko dute. Bigarren saiotik aurrerako datak ez dituzte zehaztu oraindik. Bigarren saioan Beasaingo zaintzaren mapaketa egingo da, baliabide fisikoak zein komunitateko elkarlan sareak identifikatuz. Hirugarren saioan, aldiz, indarguneen eta hobetu beharreko aldeen azterketa egingo dute. Laugarrenean beste komunitate batzuetan arrakastaz funtzionatzen ari diren adibide praktikoak ezagutuko dituzte. Eta bosgarren saioan hausnarketen laburpena egin eta etorkizuneko zaintza-planaren lan-ildoak zehaztuko dituzte.
Lanak amaitutakoan, herri topaketa ireki bat deituko du udalak ondorio nagusiak eta adostutako erronkak partekatzeko.
Prozesuan edonork parte hartu dezake, irekia da. Horretarako, irailaren 29ko bilerara joan daitezke interesa dutenek. 620 436 059 telefonora deitu edo maddalen.cardenas@matia.eus helbide elektronikora idatzita ere parte hartu daiteke. Gainera, prozesuan zehar herritarren artean galdetegiak zabalduko dituzte.













