Jesus Mujika txirrindulari urretxuarraren bizitza jasotzen duen liburua aurkeztu dute
Gaur eguerdian Jesus Mujika txirrindulari urretxuarraren bizitza jasotzen duen liburua aurkeztu dute Urretxuko udaletxean. Liburua Emilio Quilez Parra arabarrak idatzi du. Ekitaldian Quilezek, Benita eta Leonce Mujikak (liburuko protagonistaren anai-arrebek), Jon Luqui alkateak eta Joxe Mari Iurrebaso txirrindulari ohiak parte hartu dute. Ikusleen artean, Mujikaren senitartekoak eta herritar asko izan dira. Amaieran Quilezek eta Mujikaren anai-arrebek liburuak sinatu dituzte. Aretoa garaiko egunkariek Mujikari buruz argitaratutako albisteekin apaindu dute eta Urretxuko txirrindulariak 1949ko Bordele-Paris lasterketan irabazitako kopa ere ikusi ahal izan da.
Mujika gaur 100 urte jaio zen Urretxun, langile familia batean. Berak 5 urte zituenean familia Frantziara joan zen etorkizun hobe baten bila eta Bigarren Mundu Gerra pairatu zuten. Mujikak makiekin bat egin zuen, nazien aurka borrokatzeko. Txirrindularitza maite zuen eta gerra amaitu zenean berriro ekin zion. 1949an Frantziako txirrindulari onena izendatu zuten. Loria zain zuen, baina hurrengo urtean auto istripu batean hil zen. Hileta sekulakoa izan zen. Fausto Coppi handiak bizikleta bat oparitu zion bere familiari, aitortza gisa. Familiaren herrian, Boulogne-sur-Gesse, kale bat du.














