Urtaro aldaketarekin, kalera aterako dute kultura beste behin
55 ekitaldiz osaturiko egitaraua prestatu du Beasaingo Udalak Udazken Kulturalerako. Besteak beste, Mari eta Basajaun erraldoien 40. urteurreneko antzezlana egingo du Ekaitz konpartsak eta 'Arriaran mendez mende, 1305-2026' lana aurkeztuko du Iker Santxok.
Leire Artola alkatea eta Amaia Gomez de Segura kultura teknikaria, Udazken Kulturalaren eskuorriekin.Laida Goiburu Uda atzean utzi eta udazkena hasiko da laster, hurrengo astean. Urtaro aldaketa horrekin egin ohi duen bezala, Udazken Kulturala antolatu du aurten ere Beasaingo Udalak udazkenerako. Kultur eskaintza kalera aterako dute, batik bat plazetara, eta topaketarako zein gozamenerako gune bihurtuko dira.
55 ekitaldiz osaturiko egitaraua prestatu dute. Irailaren 25ean izango da lehen ekintza eta azaroaren 8an azkena. Gaur eguerdian epe horretako lehenengo zatiko egitaraua aurkeztu dute udaletxeko batzar aretoan Leire Artola alkateak eta Amaia Gomez de Segura kultura teknikariak.
Artolaren esanetan, Beasaingo kultur eskaintzaren “hitzordu nagusietako bat” bihurtzen da urtero Udazken Kulturala, eta horri esker udazkenak “bizitasun berri bat” eramaten du herrira. “Obren martxak ahalbidetzen badu”, ondo bidean, “kultur eskaintzaren erakusleiho, topaleku eta egoitza berri bat” izango dute gainera aurtengo udazkenean: Bonberia. Urriaren 18an, jendaurreko margo sariketaren sari banaketa eta erakusketa han egitea aurreikusi dute.
Ekintza multzo bat baino gehiago izatea dute helburu. Alkatearen hitzetan, kultura “eguneroko bizitzaren funtsezko oinarri” da eta Udazken Kulturala “Beasainek kultura bizitzeko moduaren erakusgarri” da: “Elkarrekin bizitzeko eta komunitatea sendotzeko tresnarik indartsuena da”. Eskerrak eman dizkie egitaraua posible egiten duten herriko elkarte, eragile, sortzaile eta kulturgileei: “Zuen lanak ematen dio izaera propioa ziklo honi”.
Beasaingo Paperak eta Zientziaroa
Kultura herritar ororen eskura jartzea da udalaren helburua, “belaunaldi berriak baina baita beasaindar berriak erakartzea ere”. Aurtengoan, haur eta gazteengan jarri dute arreta, baina Gomez de Segura kultura teknikariak azaldu du “egitarau irisgarria” prestatu dutela “herritar orok bere espazioa” izan dezan. Jarduera gehienak doakoak dira, Usurbe Antzokiko emanaldiak eta Igartzako tailerrak izan ezik.
Tailerrak, musika eta dantza emanaldiak, gastronomia, mendia… horiek denak uztartuko ditu aurtengo programak. Besteak beste, Mari eta Basajaun erraldoien 40. urteurreneko antzezlana egingo du Ekaitz konpartsak urriaren 16an –Mari eta Basajaun berrituak aurkeztuko dituzte– eta Beasaingo Paperak bildumaren 34. edizioko Arriaran mendez mende, 1305-2026 lana aurkeztuko du Iker Santxok azaroaren 4an. Azaroan ere, Lemniskatak antolatutako Azaroa Zientziaroa hitzaldi zikloa izango da. Teknikariak aurreratu du lehenengoa dementziaren ingurukoa izango dela.
Irailaren 25etik urriaren 23ra bitarteko egitaraua
Irailak 25, ostirala
- 17:00. Ipuin kontaketa. Ahozko tradiziotik etorritako ipuinak Benjamin Barandallarekin (4 urtetik gora). Loinazko San Martin plaza azpian.
- 18:00. Ekaitz erraldoien eta buruhandien konpartsaren irteera, Loinazko San Martin plazan.
- 19:00. Kantujiraren irteera.
- 19:00etatik aurrera. Porru kaleko jaiak.
Irailak 26, larunbata
- 14:30etik aurrera. Porru kaleko jaiak.
Urriak 2, ostirala
- 19:00. Dantza eta solasaldia: Makil hotsak (Hika Teatroa eta Loinatz Abesbatza). Erauskin plazan. Euriarekin, Gernika pasealekuko frontoian.
Urriak 3, larunbata
- 10:30-13:30. Elkarteen eguna, Erauskin plazan eta Gernika pasealekuan. Euriarekin, Gernika pasealekuko frontoian.
Urriak 4, igandea
- 18:00-20:00. Archery tag*: arku tiro profesionalean oinarritutako estrategia eta talde jolasa (14 eta 18 urte artekoentzat). Gernika pasealekuko frontoian.
Urriak 6, asteartea
- 17:30. Haur irakurketa kluba (6-8 urte). Udal Liburutegian.
- 19:30. Zinekluba: El sonido de la caida. Usurbe Antzokian.
Urriak 7, asteazkena
- 17:30. Haur irakurketa kluba (3-5 urte). Udal Liburutegian.
Urriak 8, osteguna
- 17:30. Haur irakurketa kluba (3-5 urte). Udal Liburutegian.
Urriak 9, ostirala
- 17:30. Gaztetxoen irakurketa kluba (8-12 urte). Udal Liburutegian.
- 19:30. Kale antzerki ibiltaria (Markeliñe). Erauskin plazatik Bideluze plazara.
Urriak 10, larunbata
- 10:00. Beasain Marrazkitan marrazkilari urbanoen topaketa. 13:30etik 14:30era egindako lanen erakusketa, plaza azpian.
Urriak 13, asteartea
- 19:30. XIX. Mendi Festibala. Usurbe Antzokian. Emanaldiak urriaren 13, 14, 15, 20 eta 21ean.
Urriak 16, ostirala
- 19:00. Bertso saioa. Bertsolariak: Maddi Ane Txoperena, Julio Soto, Nerea Elustondo, German Urteaga, Nerea Ibarzabal eta Iñaki Apalategi. Gai jartzailea: Maitane Legarreta. Usurbe Antzokian.
- 20:00. Mari eta Basajaun erraldoi berrituen aurkezpena eta Ekaitz erraldoien eta buruhandien konpartsaren antzezlana: Beasain Mitoen Bihotzean: Basajaun eta Mariren etorrera. Loinazko San Martin plazan. Euriarekin, Ezkiagako frontoian.
Urriak 17, larunbata
- 11:00-13:00 eta 16:00-18:00. Tailerra: Buru arin tailerra familian (4 urtetik gora).
- 16:30-19:30. Tailerra eta animazioa Ekaitz konpartsarekin. Photocall-a, erraldoi eta buruhandien marrazkiak margotzea eta euskal mitologiarekin lotutako jolasak. Erauskin plazan. Euriarekin, Gernika pasealekuko frontoian.
- 20:30. Bakarrizketa. Jon Plazaolaren AA Aita. Usurbe Antzokian.
Urriak 18, igandea
- Goizean. Jendaurreko 35. Margo Sariketa, herrian barrena.
- 12:00. Bisita gidatu antzeztua, Hijos de Martin y Loinaz antzerki taldearekin. Igartzako Monumentu Multzoan.
- 18:30. Margo sariketaren sari banaketa eta erakusketa, Bonberia eraikinean. Erakusketa urriaren 18tik azaroaren 1era.
- 19:00. Igartza Musika zikloko kontzertua: Trio Zukan + Quasar Saxophone Quartet, Igartzako jauregian.
Urriak 22, osteguna
- 17:30. Beasaingo irakurle taldea Yurre Ugarterekin, Udal Liburutegian.
Urriak 23, ostirala
- 17:00-18:30. Tailerra: Eko jolasak. Udal Liburutegian.
- 18:00. Argazki Erakusketa Kolektiboa. Urriaren 23tik azaroaren 8ra. Igartzako burdinolan.
- 18:00. Ondarearen Europako Jardunaldiak. Mahai-ingurua: Kontaidazu Igartzako istorio bat. Igartzako jauregian.
- 18:00. Ekaitz erraldoien eta buruhandien konpartsaren irteera. Loinazko San Martin plazan.
- 20:30. Antzerkia: Beasain 1987 (Aitato produkzioak). Usurbe Antzokian.













