Kultur Aterkiak herriko artisten lanak kalera aterako ditu
Kontzertuak ere antolatu dituzte: ostegunean Ines Osinagak joko du eta urriaren 10ean Pettik
ArteaKalean egitasmoa Urretxu eta Zumarragako kaleetara itzuliko da bihartik urriaren 10era. Kultur Aterkiak herriko sortzaileen lanak ikusgai jarriko ditu eta kalea «artearen, elkarrizketaren eta harreman sozialen bidez partekatutako espazio» bihurtzea proposatuko du.
Ekimena 2020ko irailean sortu zen, pandemiaren erdian, herriko kultur mugimenduarekin lotura zuten hainbat lagunen eskutik. Sei urte geroago, taldeak elkartzen eta lanean jarraitzen du, hasierako ideia berari eutsiz: «kultura ezinbestekoa da herria saretzeko, pertsonen arteko loturak sendotzeko eta elkar ezagutza zein errespetua sustatzeko».
Antolatzaileen iritziz, kultur dinamika nagusiek tokiko sorkuntza baldintzatzen dute oraindik, eta bertako sortzaileak sarritan bigarren mailan edo bazterrean geratzen dira. Egoera horren aurrean, ArteaKaleanek herriko sortzaileei ikusgarritasuna eman nahi die, artea ohiko erakusketa guneetatik atera eta herritarren eguneroko espazioetara eramanez.
Egitasmoak espazio publikoaren balioa ere aldarrikatzen du. «Kalea harreman sozialerako, narratiba berriak sortzeko eta eraikuntza kolektiborako lekua da, guztioi eragiten diguten gaiak agertzen eta eztabaidatzen diren gunea. ArteaKaleanek herritarrak espazio publikoaz jabetzera eta artearen bidez imajinario kolektiboak eraikitzera gonbidatzen ditu».
Artelanen kale erakusketarekin batera musikari ere bide emango zaio Ines Osinaga eta Pettiren kontzertu banarekin.
Aurtengo ArteaKalean bihar (osteguna) hasiko da, 18:30ean. Ordu horretan, herriko artisten artelanak kalean ikusgai jarriko dituzte. Ane Miren Ormazabal, Eider Gorrotxategi, Javi Alonso, Josu Maroto, Julen Etxezarreta, Oier Fernandez, Koldo Cadierno, Laura Garziandia, Marta Lopez, Nerea Murillo, Oihana Aniz, Ramon Sanchez, Saioa Arin, Unai de Miguel, Ibei eta Txarliren lanak ikusi ahal izango dira.
19:30ean, Ines Osinagak kontzertua egingo du Areizaga-Kalebarren plazan. Emanaldian zehar ekimenaren material berria erosi ahal izango da.
Lanak urriaren 10a arte egongo dira ikusgai Urretxu eta Zumarragako kaleetan. Urriaren 10ean, 19:30ean, kalejira egingo dute artelanak jasotzeko. Ondoren, 20:30ean, luntxa egingo dute gaztetxean. Amaitzeko, 22:30ean Pettik kontzertua egingo du toki berean.












