Majoriko kantxa nagusiko estalkiaren argizuloak berritu ditu Ordiziako Udalak
495 metro koadro inguruko argizuloak desmuntatu eta kendu ditu, eta haien ordez 16 milimetroko polikarbonato zelularreko argizulo modular berriak jarri, iragazgaiztasuna berreskuratuz eta argi naturala hobetuz.
Majoriko estalki berria. Izaro Villarreal Majori-Altamira kiroldegiko berrikuntza lanen barruan, urrats berria egin du Ordiziako Udalak: kantxa nagusiko estalkiko argizuloak berritu ditu. Jon Ander Caballero kirol zinegotziak eman du jarduketaren berri, eta jakinarazi duenez, helburua izan da estalkiaren egoera hobetzea ez ezik, erabiltzaileen segurtasuna bermatzea, iragazgaiztasuna berreskuratzea eta kantxako argi naturala hobetzea. 50.924,18 euroko aurrekontua izan du.
Iazko neguan itoginak izan zituzten Majorin, eta arazo horri aterabide bat emateko, denera, 495 metro koadro inguruko argizuloak desmuntatu eta kendu dira, eta haien ordez 16 milimetroko polikarbonato zelularreko argizulo modular berriak jarri dituzte, UV babesa eta gutxienez %60ko argi-transmisioa dutenak. Estalkia hobetzearekin batera, iragazgaiztasuna bermatzeko beharrezko zigilatze-lanak egin dira, bai eta gailurreko zein pinoiaren goialdeko metalezko erremateak berritu ere.













