San Migel ospatuko dute gaur Lazkaon, Joxpinixi omenduz
Goizean pilota partidak jokatuko dituzte plazako pilotalekuan, eta Joxpinixi Albisu pilotari lazkaotarraren omenezko plaka jarriko dute. Iluntzean, afari herrikoia eta Joselu Anaiak taldea izango dira.
Joxpinixi Albisu lazkaotar pilotaria.Kutxa Fototeka Egun handia da gaur Lazkaon, San Migel eguna. Egun osoko egitaraua antolatu dute aurten ere. Pilotarekin, San Migel pilota txapelketarekin eta haurren parkearekin hasiko dira ospakizunak.
10:30ean hasita benjamin, alebin eta infantil mailetako 3. eta 4. postuak erabaki ondoren, 11:15ean benjaminetako finala jokatuko du H. Huarte-O.Legarreta bikoteak, M.Begiristain-A.Garmendiaren aurka. 11:30ean, alebinetakoa izango da, A. Irure-U.Garmendia, I-Zubedia-E.Agirreurretaren aurka. 11:45ean, azkenik, infantil mailako finala jokatuko dute H.Mauleon-K.Otegik, K.Alustiza-J.Arrietaren aurka.
Gaztetxoen pilota partidak jokatu ondoren, emakumezkoen binakako pilota partida izango da: Lapkeko Arratibelek Adoseko Mujikarekin osatuko du bikotea, Ados taldeko Aranburu-Barrocalen aurka jokatzeko.
Jarraian, aurtengo San Migel eguneko une berezietako bat izango da. Joxpinixi Albisu lazkaotarrari gorazarrea egingo diote, plaka jarrita.
Pilotari ospetsua
2020ko urriaren 26ko Goiberri aldizkarian jasoa dago Albisuren kirol ibilbidea. Erraketisten fenomenoaren aurretik, emakumezko pilotari ospetsua izan zen Joxpinixi Albisu Aranburu lazkaotarra. Ahoa bete hortz utzi zituen frontoian gizonezkoak menperatzeko gai zen jokalari trebe hark, bai ikusleak, bai prentsa.
1860an jaioa, 1885eko martxoaren 8an, bi pilota partida jokatu zituen Lazkaoko plazan, bat goizean eta bestea arratsaldean, bi gizonezkoren aurka. Urrutitik iritsi zen jendea halako ikuskizuna galdu nahi ezta, prentsan aurrez iragarrita baitzegoen «partida arraro eta bitxia». Aurkari, 28 urteko Mateo Lasa zuen. Emakumeen balioaz iseka egina, Albisuk pilotarako bota zion erronkari heldu besterik ez zuen izan.
Sakea erabakitzeko, kobrezko txakur txiki bat bota zuen airera Lasak. Albisuk, txalo eta oihu artean sartua, hankarekin jo eta baztertu zuen txanpona. Duroko distiratsua atera zuen, zozketarako. Lehen kolpea, eta tanto psikologikoa, horrela eman zion arerioari. Lehen sakea, Lasarentzat. Falta. Hogei minutuan, 30-11 irabazi eta neskatoa garaile, jokaldi ederrak eginda.
Eguneko balentriak ez ziren hartan bukatu. Partida amaitu berritan, jende uholdeak etortzen segitzen zuen, trenetik Ordizian eta Beasainen jaitsita. Haientzat, beste partida bat antolatu zuen alkateak, Prantxesa zeritzon pilotari iaio bati deituta. La Voz de Guipuzcoa egunkariaren kronikaren arabera, 2.500 lagunek ikusi zuten. «Tolosa guztia hemen dago».
Bi partidak irabazita, ‘pilotari’ izendapen ohoretsua lortu zuen Albisuk. Izar mediatiko bihurtu zen. Erraketistek 1938an omendu zuten Joxpinixi Albisu, Eibarren. Ez zen sekula ezkondu. Amerikara jokatzera joateko «6.000 duroko eskaintzari» muzin egin zion, bere garaian. Donostiako Errukietxean bizi izan zen, 1931tik 1950ean hil zen arte. Lazkaoko jaietara urtero joaten zen, emakumearen balioa borrokatu, garaitu eta goratutako plazara.
Iluntzetik aurrera
Eguerdikoaren ondotik, iluntzean jarraituko du gaur festak. 19:00etan Joselu Anaiak taldea izango da, 20:30ean afari herrikoia, eta eguna amaitzeko, berriz ere, Joselu Anaiak.
EGITARAUA
Lazkaoko San Migel eguneko egitaraua
- 10:30. San Migel pilota txapelketa, Joxpinixiri gorazarrea, plaka jartzea, emakumeen arteko pilota partida.
- 11:00-13:00 eta 16:00-19:00. Haur eta gazteen parkea, eta Txu-txu trena.
- 12:30. Meza nagusia.
- 19:00. Joselu Anaiak.
- 20:30. Afari herrikoia.
- 22:30. Joselu Anaiak.













