Urretxuko Udalak Amuak programa antolatu du, ikasteko, sortzeko eta elkarrekin esperientziak bizitzeko
Urretxuko Udalak Amuak programa aurkeztu du: kulturara jakin-minetik eta gozamenetik hurbiltzeko proposamen berria. Irentsiko bazenu? lelopean, urrirako eta azarorako kontzertuak, hitzaldiak eta ikastaroak antolatu dituzte. Herritarrei ikasteko, sortzeko eta elkarrekin esperientziak bizitzeko aukera eskainiko diete.
Amuak esplorazio eta esperimentazio programa da. Helburu nagusietako bat kultur publiko berrietara iristea da, bereziki egungo programazioan presentzia txikiagoa duten 20 eta 50 urte bitarteko herritarrengana. Aldi berean, adin eta interes ezberdinak dituzten herritarrentzat aproposak diren proposamenak jasotzen ditu, haur txikientzako perkusio ikastarotik hasi eta sorkuntza, teknologia edo naturaren inguruko jardueretara.
Programak kulturarekiko lotura iraunkorragoak sortu nahi ditu, noizbehinkakoa den parte hartzea gehiago sendotuz eta antzeko zaletasunak dituzten herritarren arteko sareak sustatuz. Kultura, artea eta sormena harremanetarako, norberaren garapenerako eta ongizate emozionalerako tresna gisa ulertzen ditu.
Horretarako, bertako zein Euskal Herriko beste toki batzuetako sortzaile eta adituen parte hartzea izango du, eta Urretxuko kultur espazioen erabilera berriak esploratuko ditu. Herritarren erantzuna, etorkizuneko kultur eskaintza zabaltzeko eta beraien beharretara egokitzeko baliatuko da.
Lehen ekitaldia urriaren 18an izango da: Francesca Romana di Nicola arpa-jotzaileak Juan de Lizarazu aretoan kontzertua egingo du, 18:00etan. Urriaren 21ean, berriz, Imanol Teranek Adimen Artifizialari biruzko hitzaldia egingo du. Kultur etxean izango da, 18:00etan. Gazteleraz izango da.
Urriaren 30ean, azaroaren 14an eta abenduaren 11n zirku ikastaroa eskainiko diete Lehen Hezkuntzako ikasleei. Pagoeta gune soziokulturalean izango da, 16:30etik aurrera. Parte hartu nahi dutenek 5,30 euro ordaindu behar dute. Egun berean, 18:00etan, Josu Marotok gouache pintura ikastaroa emango du Juan de Lizarazun. Parte hartzaileek 5,30 euro ordaindu behar dute.
Gainontzeko ikastaro eta ekitaldiak azaroan izango dira. Azaroaren 4an Bittor Kasek oinarrizko sukaldaritza ikastaroa emango du oraindik zehaztu gabeko elkarte gastronomiko batean. 18:00etan izango da. Parte hartzaileek 5,30 euro ordaindu behar dute.
Azaroaren 7rako perkusio ikastaroa antolatu dute, 2–4 urteko haurrentzat. Zozongok emango du, 11:00etan. Pagoeta gune soziokulturalean. Parte hartzaileek 5,30 euro ordaindu behar dute.
Azaroaren 20an DIZZ taldeak kontzertua egingo du Juan de Lizarazu aretoan. 18:00etan hasiko da. Azaroaren 26, berriz, Jaskoba Errekondok eta Markel Arriolabengoak Euskal Herriko zuhaitzak hitzaldia egingo dute. Kultur etxean izango da, 18:00etan.
Azaroaren 28an eta abenduaren 5ean Maddi Iraetak marrazki ariketen fanzine ikastaroa emango du Juan de Lizarazun. 10:00etan hasiko da eta parte hartzaileek 5,30 euro ordaindu behar dute. Bukatzeko, azaroaren 29an barruak husteko perkusio saioa egingo dute, Zozongoren eskutik. Pagoetan izango da, 18:00etan.
Urretxuko Udalak herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu. Plazak mugatuak direnez, izen-emateei adi egotea gomendatzen da.













