Donosti Ereskirekin hasiko da Udazkeneko Musika Zikloa
Igande honetan Urretxuko Udazkeneko Musika Zikloaren 40. ekitaldia hasiko da. Donosti Ereski abesbatzak abestuko du. Urriaren 25ean Urretxuko eta Zumarragako Goiargiren txanda izango da, azaroaren 1ean Letoniako Mixed Choir Juventus of University of Latvia abesbatzarena eta azaroaren 8an Ordiziako Oroith koruarena. Kontzertu guztiak 19:00etan izango dira, San Martin de Tours elizan.
Udazkeneko Musika Zikloa Goiargi abesbatzak eta Urretxuko Udalak antolatzen dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Aurtengo edizioa atzo aurkeztu zuten Iparragirre plazan, San Martin de Tours elizaren ondoan.
Ekitaldian Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Javier Arratibel Goiargi abesbatzako zuzendariak parte hartu zuten. Arratibelek eskerrak eman zizkien Urretxuko Udalari eta kultur teknikariei eskaintzen dieten laguntzagatik. Luquik Udazkeneko Musika Zikloaren ekarpena txalotu zuen eta herritarrak kontzertuez gozatzera gonbidatu zituen. «Udazkeneko Musika Zikloak parrokia balorean jartzeko, koruen arteko elkarlana sustatzeko eta jendea erakartzeko balio du», esan zuen Urretxuko alkateak.
Lehen kontzertua Donosti Ereskik egingo du, igande honetan. Koru horrek ibilbide luzea du. 1971n sortu zen eta hainbat sari irabazi ditu. Tolosan eta Tours-en (Frantzia) besteak beste. Gainera, Italian, Grezian, Danimarkan, Alemanian, Amerikako Estatu Batuetan eta Txekian abestu dute, besteak beste. Urretxun musika erlijiosoa eta euskal musika uztartuko dituzte. Elizako organoa erabiliko dute.
Herriko abesbatza
Urriaren 25ean abestuko duen Goiargi abesbatzari dagokionez, 1982an sortu zen. Hasieran, emakumezkoen abesbatza zen. 1988an Egea de los Caballeros (Espainia) eta Avileseko (Espainia) lehiaketak irabazi zituen eta 1990ean Tolosako nazioarteko lehiaketan parte hartu zuen. 1993tik Javier Arratibel da zuzendaria. Urretxuko kontzertuan 2026an egindako lana erakutsiko dute. Kontzertuak bi zati izango ditu: polifonia erlijiosoa eta euskal musika.
Azaroaren 1ean Urretxun abestuko duen Letoniako abesbatzak Tolosako nazioarteko lehiaketan ere abestuko du. Mixed Choir Juventus of University of Latviak 100 urte baino gehiago ditu. Iaz nazioarteko sari bat irabazi zuen Finlandian. Arratibelek «munduko abesbatza onenetako bat» dela esan zuen.
Azken kontzertua Ordiziako Oroith abesbatzak egingo du. Oroith 1985ean sortu zen eta hamaika herrialdetan abestu du: Austria, Hungaria, Frantzia, Vatikano, Italia, Txekia… Urretxun Soinu paisaiak: mundu kantatua kontzertua egingo dute. Lau atal ditu: izpirituala, euskalduna, latinoa eta afrikarra.













