Biboteen sasoiari heltzeko prest dira Goierrin
Hamaika jarduera egingo dituzte eskualdean Movember ekimenaren harira. Gizonen osasunaren prebentzioa eta gizonezkoen gaixotasunen ikerketarako diru bilketa dira lan arlo nagusiak.
Goierri Moherri taldeko kideak, gaur goizean. Izaro Villarreal Azaroa bueltan da eta horrekin batera Movember ekimenaren edizio berri bat abiatuko dute Goierrin. Hilabete osoan biboteak utziko dituzte hainbat eta hainbat herritarrek, gizonen osasunaren inguruan -eta zehazki prostata eta barrabiletako minbiziaren eta osasun mentalaren inguruan- kontzientzia sortzeko helburuarekin. Ekimenaren inguruko xehetasunak eman dituzte gaur goizean Ordiziako D’Elikatuz zentroan egindako aurkezpenean.
Jarduera ezberdinak egingo dituzte hilabete osoan zehar Goierri osoan, kontzientziaziorako zein diru bilketarako. Goiherri Moherri taldearen ekimenez egingo dituzte Lazkaon, Beasainen eta Ordizian, eta Urola Garaiko Movember mugimenduaren ekimenez, berriz, Zumarragan, Urretxun eta Legazpin.
Gizonen osasunaren prebentzioa eta gizonezkoen gaixotasunen ikerketarako diru bilketa dira Movember mugimenduaren bi lan arlo nagusiak. Prebentzioari dagokionez, zenbait hitzaldi eskainiko dituzte eskualdean, egunez egun:
- Azaroak 4. ‘Kontatzen ez dena’. Borjak eta Toñok beren esperientziak kontatuko dituzte, Aitziber Gine psikologiak lagunduta. 18:30. Legazpiko Gizarte Zentroan.
- Azaroak 5. Jon Ormaza psikiatraren hitzaldia, suizidioaren inguruan. 19:00. Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean.
- Azaroak 12. Javier Azparren urologoaren hitzaldia, prostatako minbiziaren inguruan. 19:00. Beasaingo udaletxean.
- Azaroak 17. Arkaitz Carracedo ikertzailearen hitzaldia, minbiziaren aurkako tratamenduei buruz. 18:30. Legazpiko kultur etxea.
- Azaroak 17. Alexander Muela doktorea, psikologoa eta EHUko irakaslearen hitzaldia suizidioaren prebentzioaz.
Diru-bilketari dagokionean ere, urteroko diru-kutxak jarriko dira establezimendu ezberdinetan, eta Movember produktuak ere eskuragarri egongo dira herrietako azoketan eta pintxo-poteetan. Goierri beherako kasuan, denera 75 itxulapiko jarriko dituzte establezimendu ezberdinetan, funtsak biltzeko, eta postu bereziak jarriko dituzte Ordiziako, Beasaingo eta Lazkaoko azoketan, bai eta azaroaren 7an egingo den Beasaingo Odolki egunean ere.
Horrez gain, pare bat elkartasun jarduera ere antolatu dituzte: azaroaren 13an, batetik, Movember Comedy’ saio berezia izango da Ordiziako Herri Antzokian, 20:00etan hasita. Gorka Aginagalde, Iñigo Salinero eta Alex Rabanal ariko dira, Kike Bigudik aurkeztua. Sarrerak 10 euroan daude salgai; bestetik, azaroaren 20an Chuchin Ibañezek ‘Rantxers’ saioa eskainiko du Beasaingo plazapen, eta Dj Txominen dantzaldiarekin bukatuko dute.
Goierri beheko kirol-taldeek ere bat egingo dute ekimenarekin, partiden hasieran Movemberren aldeko pankarta erakutsiz. Aipamen berezia egin diete Antzar triatloi-taldeko kideei, urtero Lazkaoko igerilekuan Mójate Lazkao ekimena antolatzen baitute dirua biltzeko.
Goierri goran, berriz, Legazpi eta Zumarragako azoketan postua jartzeaz gain, beren lana ezagutarazten eta produktuak saltzen ariko dira Zumarraga (azaroak 6), Legazpi (azaroak 12 Txomin pasabidean eta azaroak 18 Laubideko bulebarrean) eta Urretxuko (azaroak 25) pintxo-poteetan ere. Gainera, azaroaren 19an, Tipi Taparekin jardunaldi berezia egingo dute, bertako herritarrekin paseatzera irten, eta bukaeran talde-argazkia aterata.
Goiherri Moherri taldeko kideek jakinarazi dute Movember kanpainarekin iaz lortutako irabaziak 8743 euro baino gehiago izan zirela, eta kopuru hori gainditzeko erronka ezarri diete euren buruei.
Gainerakoan, eskerrak eman nahi izan dizkie “modu desinteresatuan” ekimenean lagundu eta parte-hartzen duten herritarrei. Eukene Lekuonarentzat joan dira taldekideen esker bereziak; hamaika urtez izan du diseinu grafikoaren ardura, baina lan taldea uzteko momentua iritsi zaiola azaldu dute. Markel Galdeanok hartu du haren lekukoa, eta hari ere aitortza berezia egin nahi izan diote.
2003tik lanean
2003. urtean sortu zen Movember ekimena, Australian. Bertako gizon bati prostatako minbizia diagnostikatu zioten, eta haren lagunek, elkartasuna adierazte aldera, biboteak utzi zituzten. Movember izena eman zioten ekimenari, ingelesezko november (azaroa) eta moustache (bibotea) hitz jokoa erabilita. Hurrengo urtean, 2004an, Movember Fundazioa eratu zen, diru-bilketak eta kontzientziazio kanpainak egiteko. Ekimena azkar hedatu zen mundu osoan, eta Goierrin ere 2008 inguruan hasi ziren aurreneko biboteak ikusten. Mugimendu honen baitan dabiltzan taldeen helburua da, hala, gizonezkoek beraien gaixotasun eta arazoez lasaitasun eta naturaltasunez hitz egitea.











