Eskola garraioaren aldeko eskualde mailako ekitaldia igandean
Ordiziako Plaza Nagusian izango da ekitaldia 18:00etan. Bertsoak, gaztaina erreak, dantzak eta trikitixa egongo dira, eta adierazpena irakurriko dute.
Oianguren institutuko atarian eskola garraio publikoaren alde egindako elkarretaratzea, gaur goizean.Laida Goiburu Eskola Garraioaren alde Zaldibiako Guraso Batzarrak igandean eskualde mailako mobilizaziorako deialdia egin du. Ordiziako plazan egingo dute ekitaldia, 18:00etan.
Hala ere, plazara iristeko bidea bi taldetan egingo dutela jakinarazi dute. Biak 17:45ean abiatuko dira, baina bat Oianguren ikastetxetik eta bestea Ordiziako tren geltokitik. «Bi taldeak Tximistan elkartu eta plazara joango gara».
Adierazpena
Plaza Nagusian gaztaina erreak, bertsoak, trikitixa eta dantza izango dira, eta adierazpena irakurriko dute. Hezkuntza Sailak Zaldibiako DBH3-4ko ikasleei eskola garraioa kendu diete. Izan ere, 168/2023 dekretuak dio ikastetxetik 4km baino gutxiagora bizi diren ikasleei ez zaiela garraiorik jarriko, 3,8 kilometro daude Zaldibiara.
Gurasoek Eusko Jaurlaritzan agerraldia egiteko bidea martxan jarrita dutela eta Arartekora ere joko dutela adierazi dute. Izan ere, Dekretuak 4km baino gutxiagora bizi baina ikastetxera joateko oinezko bide egokirik egon ezean salbuespena egin eta garraioa ezartzeko aukera ematen du. Hori da azken hilabeteetako mobilizazioen arrazoia.











