Gau Beltzak ospatuko dituzte Goierriko hainbat herritan
Goierriko hamabi herritan ospatuko dute Gau Beltza. Gaurtik larunbatera bitartean hainbat ekintza izango dira.
Itsasondoko Gau Beltzeko partaideetako batzuk ateratako argazkia.Hitza Gau Beltza aipatzen denean sarri gure gizartean urrutira begira jartzen da. Estatu Batuek mendebaldeko zibilizazioan duen eragina da horren arrazoia. Baina, azken urteetan hori aldatu nahian dabiltza Euskal Herriko herrietan, eta baita Goierrin ere. Gau Beltzari bertako esanahia eman nahi zaio eta bertako ohiturak berreskuratuz ospatzen saiatzen dira. Aurten Goierriko hamabi herritan ospatuko dute Gau Beltza.
ARAMA
Bihar ospatuko dute Gau Beltza. Horren harira, Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariaren saioa izango da Iriarte aretoan, 18:00etan.
ATAUN
Kandela poteak apaintzeko tailerra egingo dute gaur udal liburutegian, 17:00etan. Larunbatean, berriz, 18:30etik aurrera photocall [Argazki-txokoa] beldurgarria jarriko dute, eta ondoren ipuin kontaketa beldurgarria izango da.
BEASAIN
Hainbat lekutan ospatuko dute Gau Beltza larunbatean. Batetik, Melmak Gaztetxean scaperoom-a egingo dute 20:00etan, eta ondoren afaria girotua egongo da. Bestetik, Ezkiaga auzoan 11:00etan hasiko da jaia aurpegi margoketarekin eta haurrentzako tailerrekin. 18:00etan txokolatada herrikoia egingo dute eta 22:00etan jolas ezberdinak egingo dituzte. Gainera, Igartzan ere argazki-txokoa eta sorpresa gehiago izango dira 17:00etatik aurrera. Horietaz gain, Blues Gastro tabernan DJ Asier egongo da, 19:00etatik 00:00etara.
GABIRIA
Larunbatean aurpegi pintaketarekin hasiko da Gabiriako Gau Beltzaren ospakizuna 17:30ean. Umeentzako sutondoko beldurrezko ipuin kontaketak emango dio segida 19:00etan. Amaitzeko dantzak, bertsoak eta beldurrak erretzea egingo dute, gaileta eta gaztaina janarekin batera.
IDIAZABAL
Mozorrotuen topaketa egongo da plazan Arimen Gauaren ospakizunari hasiera emateko Idiazabalen, 17:15ean. jarraian kriseiluak egingo dituzte eta egiten amaitutakoan ibilbide beldurgarriari ekingo diote 18:30ean. Amaitzeko, gaztaina erreak, sagardoa eta sagar zukua banatuko dute 19:00etan.
ITSASONDO
Larunbatean kriseilua egiteko tailerrarekin hasiko da ospakizuna, herriko frontoian, 18:00etan. 19:00etan jolas bat egingo dute herrian zehar ezkutatutako gauzak bilatzekoa. 20:00etan gazte eta helduentzat mendi ibilbidea egingo dute eta Itturri Txiki guraso elkarteak adierazi du pentsatzeko ondo joatea «ez da edonorentzat». 21:30ean afari partekatua egingo dute.
LEGAZPI
Bihar nerabeei zuzenduta, DBH1ekoentzako merendola beldurgarria eta ongi etorri festa egongo da Gazte Txokoan, 16:30etik 18:30era. Larunbatean herrritar eta familientzako hitzordu nagusia izango da. 17:00etatik 19:00etara kandelak egiteko tailerrarekin hasiko da jaia. 18:30etan txokolatea banatu ondoren disko festa «terrorifikoa» izango da 19:00etatik 20:00etara. Ondoren, gaztetxean Oxida, Hilotz eta Couture taldeen kontzertuak daude, 22:30etan.
LEGORRETA
Gaur eta bihar ospatuko dute Gau Beltza. Gaur murala eta maskarak margotuko dituzte eskolako atarian 16:45etik 18:00etara. 18:00etan ipuin kontalaria egongo da liburutegian, eta ondoren suaren inguruan beldurrak erreko dituzte. Ostiralean, berriz, askaria egongo dute, frontoian, 16:45ean. Ondoren, kalabazak hustu eta gaztaina jana egongo da Guraso Elkartearen eskutik.
ORDIZIA
Gau Beltzaren agertoki plaza nagusia bilakatuko dute larunbatean, 18:00etatik aurrera. Hainbat ekintza izango dira: gaztaina jana Ordizia Rugbyren eskutik, mozorroen argazki-txokoa Ortzadar Argazki Elkartearen eskutik, eskulanak Marta Arteren eskutik, taloak, arrantza jolasa eta beldurrak erretzeko ekintza. 20:00etan disko-festa beldurgarria izango da.
ORMAIZTEGI
Bihar kalabaza hustutzea egingo da ludotekan, 17:30ean. Larunbatean, berriz, aurpegi margoketa izango da plazan, 17:30etik 19:00etara. Gainera, 18:00etan txokolatea ere banatuko dute. 19:30ean plazatik abiatuta Gau Beltzeko ibilaldia egingo dute. Antolatzaileek ohartarazi dute ibilaldian ezin dela argazkirik atera eta linternarik erabili. Horretaz gain, 3.mailatik beherako haurrak gurasoen ardurapean joan behar dutela diote. Amaitzeko, beldurrak sutara ekintza egingo dute.
URRETXU-ZUMARRAGA
Ostiralean mozorro tailerra egongo da, 4 urtetik gorakoentzat, Zelai-Arizti kultur aretoan, 17:00etatik 19:00etara. Izara zaharren bat eramatea ohartarazi dute bi herrietako udalek. Larunbatean koplak eta kantu-eskea egingo dute Zumarragako udaletxe azpian, 17:00etatik 19:00etara.
ZALDIBIA
Ostiralean ospatuko dute Gau Beltza. 19:30ean bilkura eta ekitaldiaren sarrera egingo dute plazan. 20:00etan zenbait ekintza egongo dira haurren adinaren arabera: HH-koentzat ipuin kontaketa Karreane aurrean. LH1-3koentzat hartzaren ibilbidea eta LH4tik aurrerakoentzat elementuen ibilbiea egingo dute. Mozorrotuta eta kriseiluekin joateko deia egin dute antolatzaileek.











