Goierri Barnetik-eko zuzendaritza organoak "interesgarritzat" jo du biometano instalazioaren proiektua
Adierazi du "koherentea" dela "eskualdean zehaztutako deskarbonizazio-estrategiarekin". Partekatze prozesu bat abiaraziko du eskualdeko herritar eta eragileen iritzi eta ekarpenak jasotzeko. Hurrengo urratsa antzerako ezaugarriak biltzen dituen planta bat bisitatzea izango da.
Biometano plantaren ezaugarriak aurkezteko urriaren 21ean Olaberriko Ihurre auzoko jubilatuen aretoan egin zen batzarraren irudia. Iñaki Gurrutxaga Eskualdeko 34 eragile biltzen dituen Goierri Barnetik lankidetza sareko zuzendaritza organoak erabaki du ArcelorMittal eta CAF enpresek Olaberriko lurretan dagoen Karobi industrialdean eraiki asmo duten biometano instalazioaren proiektua “koherentea” dela “eskualdean zehaztutako deskarbonizazio-estrategiarekin”, eta “interesgarritzat” jo du proiektua, bat etor litekeelako energiaren erronkari erantzunez 2030erako Goierrin CO2 isurketak %55 gutxitzeko helburuarekin.
Hori adierazi du Goierri Barnetik-ek hedabideetara helarazitako ohar baten bitartez. Erabaki horiek hartu ditu sareak “prozesuan egindako txosten teknikoa ikusita eta espero diren inpaktuak eta aurreikusitako arintze-neurriak kontuan hartuta”.
Era berean, “horrelako instalazio batek duen garrantzia kontuan hartuta”, partekatze prozesu bat abiaraziko du, herritarrei txosten teknikoa aurkeztu eta horren inguruan egon daitezkeen zalantza edo iritziak jasotzeko. “Proiektuaren sustatzaileekin adostu du partekatze prozesu horretan proiektuaren inguruko informazioa eskuartean jarriko dela, jendarteak proiektua ezagutu dezan”. Eskualdeko eragile eta herritarrekin garatuko da.
2025eko maiatzean hasitako bidea
2025eko maiatzean egin zuten ArcelorMittal eta CAF enpresek Goierrin biometano planta bat eratzeko proposamena, eta Goiekiri proiektuaren lehen zirriborroa aurkeztu zioten. Kezka sortu zuen zenbait herritarren eta eragile politikoen artean proposamenak, eta abenduan EH Bilduk proiektuaren inpaktuak aztertzeko aditu talde baten sorrera eskatu zuen. Olaberriko EH Bilduk deituta, saio informatibo irekiak egin ziren Olaberrian urtarrilean.
Goierri Barnetik-ek proiektuaren Jarraipen Batzorde bat eratu zuen, Leire Artola Beasaingo alkateak, Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak, Ioritz Berra Zaldibiako alkateak, Egoitz Apaolaza Segurako zinegotziak, Jokin Garmendia Olaberriko alkateak eta Joseba Iztueta Gabiriako zinegotziak osatua, eta, martxoan, enpresekin adostuta, Mahai Teknikoa eratzea adostu zuen sareak; uztailean zehaztu zuten nortzuek osatuko zuten: IHOBE, EVE, Ekologistak Martxan, EHU, Neiker eta lehen sektoreko aditu talde batek hartu dute parte, eta koordinatzaile lanak Sq Consult enpresak egin ditu.
Mahai tekniko horrek egin du inpaktuak neurtzeko txostena, eta horretan oinarrituta jo du interesgarritzat eta koherentetzat Goierriko lankidetza sareko zuzendaritza organoak proiektua. Eskualdeko eremu hauetan aurkeztu da txostena: eragile publiko, pribatu eta komunitarioak biltzen dituen energia mahaian, Olaberriko bizilagunekin egindako batzarretan, eskualdeko sindikatu eta ingurumen taldeekin egindako batzarretan eta Goierri Barnetik-ek biltzen dituen 34 eragileen arteko batzarretan.
Planta batera bisita
Goierri Barnetik-ek “prozesu logikan” kokatzen du proiektuaren ibilbidea, eta hurrengo urratsa antzerako ezaugarriak biltzen dituen planta bat bisitatzea izango da. Bisita Olaberriko bizilagunen ordezkaritza batek eta eskualdeko eragileen ordezkaritza batek egitea aurreikusi dute.
Behin bisita eginda, partekatze prozesuarekin jarraitzeko asmoa duela adierazi du Goierri Barnetik sareak, bisitaren ondorioak eta txostenaren ondorioak herritar eta eragileekin partekatzeko asmoz, eta nabarmendu du proiektua enpresek sustatutakoa dela: “Goierri Barnetik-ek soilik bere inpaktuen azterketa egiteko prozesua abiatu du, baina ez da proiektuaren egilea”.











