Murgizelain erabilgarri dago jada, haurrentzako jolas parke berria
Guztira, 18.000 euro pasatxoko kostua izan dute lanek. Udaleko brigadak ingurunea txukuntzeko lanak egingo ditu, orain.
Langileak jolas gunean egitura berria jartzen. Zegamako Udala Zegamako Arrietalde auzoan kokatuta dagoen Murgizelai natur ingurunean haurrentzako jolas gunea berritzeko lanak egiten ari dira. Bi fasetan egingi dituzte lanak. Mader Place enpresak amaitu ditu haurrentzako jolas gune berria jartzeko lanak. Datozen asteetan udaleko brigadako langileek zorua eta ingurua txukuntzeko lanak egingo dituzte. Lanek guztira 18.147,87 euroko kostua izan dute BEZ-a barne.
Garai batean zabortegia izan zen gain batean dago kokatuta parkea. Bitan banatuta dago; erdia aisialdirako natur gune bat dago, mahaiez eta parrillez hornituta eta haurrentzako parke bat ere bai. Hain zuzen, haurrentzako parkea da konpondu dutena.
Lanak bi fasetan
Iker Zubeldia alkateak esan duenez, egin zenetik —orain 22 bat urte— ez da berrikuntza lanik egin bertan. Urteen eta erabileraren ondorioz, «arriskutsua» zen zabuak eta gainerako haur jolasak erabiltzea. Lanak bi fasetan egingo dituzte. Lehengo faseko lanen barruan, haur jolasen egitura guztia aldatu da eta berri batengatik aldatu dute eta dagoeneko erabilgarri dago.
Haurrentzako jolas gunea zaharkituta zegoen jada, eta egitura berria gaur eguneko araudira egokituta jarri dute. Jolas gune berria kokatuta dagoen natur ingurunearekin bat datorren azpiegitura bat da, egurrezko habeak dituena.
Bigarren fase batean ingurunea txukuntzeko lanak egingo dituzte udaleko brigadako kideek, «zorua eta area ingurua berrituko dute», zehaztu du alkateak. Lanak ez dira luzeak izango baina eguraldiak baldintzatu ditzakeenez «poliki» egingo dituzte; guztiarekin, «azaro amaierarako» amaituta egongo direla aurreikusi du alkateak.











