Onespena eman dio aldundiak Garro Garabiak Ormaiztegira mugitzeari
Beasaingo instalazioak txiki geratu dira eta, ezaugarriengatik ezin direnez instalazioak handitu, enpresak Ormaiztegiko Dorraldegi izeneko 20. sektorera lekualdatu nahi du eta eskaerak abiarazi ditu horretarako.
Garro Garabiak Beasaingo Gudugarreta auzoan.Hitza Onespena eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Garro Garabiak Ormaiztegira mugitzeari. Urriaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu duenez, Garro Garabiak enpresaren jarduera hazi egin da azken urteetan, Beasaingo instalazioak txiki geratu dira eta, ezaugarriengatik ezin direnez instalazioak handitu, enpresak Ormaiztegiko Dorraldegi izeneko 20. sektorera lekualdatu nahi du eta eskaerak abiarazi ditu horretarako. Hori bideratzeko, 2026ko ekainaren 5ean, Ormaiztegiko Udalak Dorraldegi 20. sektorearen plan partzialaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua izapidetzen hasteko eskatu zion aldundiko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza Nagusiari, eta orain argi berdea eman dio.
Aldizkarian azaldu dutenez, plan partzialaren helburua da “xehetasunez garatzea Ormaiztegiko HAPOan Dorraldegi 20. sektorerako ezarri ziren antolamendu estrukturaleko irizpideak, helburuak eta proposamenak, industria-jarduera jakin baten (Garro Garabiak) beharrei erantzuteko”.
Plan partzialaren bidez, zehaztu dutenez, “16.834,27 metro karratuko partzela bat antolatzen da, eta bertan eraikinek 8.371,50 metro karratu hartzea baimentzen da, eta 12.290 metro karratuko gehieneko eraikigarritasuna”. Sektoreko hirigintza-arauak adierazten du eremuan bi partzela gorde behar direla ekipamenduetarako. Alde batetik, 470 metro karratuko partzela bat kirol-erabilerarako, eta, bestetik, 340 metro karratu zehaztu gabeko ekipamendurako. Azken ekipamendu horrek gehienez 200 metro karratu har ditzake eta 600 metro karratuko sabai-azalera izan dezake. Gainera, 130 aparkaleku behar dira, eta jabari publikoan nahiz partzela pribatuan jarriko dira. Espazio libreetarako azalera 2.671,50 metro karratukoa izango da, eta Eztanda ibaiaren ondoan egongo da.
Plan partziala birpartzelazio-proiektu baten eta urbanizazio-proiektu baten bidez garatuko da. Aldizkari Ofizialean irakur daiteke osorik.











