«Agur berezia izango da, herriari eskerrak emateko»
Manu Unanuek botako du San Martin jaien hasierako txupina.
Ia hiru hamarkada egin ditu Manu Unanue aramarrak udal langile gisa; beste hainbat herri ekimenetan ere lagundu izan du, eta etzi, ibilbide guzti horri aitortza egingo diote herritarrek.
Jaietako hasierako pregoia irakurtzeko hautatua izan zara.
Sorpresa handia izan da; ez nuen espero nik ezer esango zidatenik, burutik ere ez zait sekula pasa pregoia nik neuk botatzeko aukera izatea. Egia da jubilazioa gainean daukadala, eta ziur asko, azkenengo urtea izango da festa inguruan. Oso eskertuta nago herriari, eta plazer handia izango da niretzat; beste lan bat bezala hartuko dut erronka, baina gainerakoak baino zertxobait bereziagoa izango da, dudarik gabe.
Ia hiru hamarkada egin dituzu Aramako Udalean lanean.
Denetarik egin dut. Herri handietan, akaso igeltseroa denak igeltsero lanak egiten ditu, eta lorezaina denak, berriz, lorezainarenak. Baina herri txiki batean bizi garenoi denetarik egitea tokatzen zaigu maiz, eta halaxe egokitu zait niri ere urte guzti hauetan.
Artisau azoketan ere laguntzen duzu.
Beste herrikide batzuk arduratzen dira artisau azoken antolakuntzaz; gonbidatu gisa joaten naiz ni, eta azkenean, gonbidatze horrek lan batzuk egitera eramaten nau, baina bolondres lanak dira. Azkenean, eskulanak egitea gustatzen zait, eta horiek herritarrei erakustea tokatu izan zait zenbait azoketan. Ikaragarri gozatzen dut.
Herriari transmititu nahi diozun mezuari ere erreparatuko zenion dagoeneko.
Buelta batzuk ematen aritu naiz, bai, baina mezu konkretua baino, agurra izango da. Agur berezi bat, herriari eskerrak emateko.
Jubilatuta ere, herrigintzan jarraituko al duzu?
Noski baietz, gauza batek ez du bestea kentzen. Jubilatuko naiz, baina maite ditudan gauzak egiten jarraituko dut: mendira joatea, korrikan aritzea, eskulanak egitea… udaleko lanetarako ere esku bat botatzeko prest izango naiz, zalantzarik gabe.
Gainontzean, San Martin jaiez gozatzea tokatuko zaizu. Zer ematen dizute herriko jaiek?
Asko disfrutatu izan ditut beti Aramako San Martin jaiak, nahiz eta garaiak asko aldatu diren niretzat ere; gozatu ederrak hartu izan ditugu gazte garaian, alegia, gauzak erraz egiten genituenean. Urteak aurrera doazen heinean, geroz eta gehiago pisatzen du denak. Beste modu batera ospatzen ditut orain, baina horri ere ekingo diot noski.












