«Hemen dauden gauza asko oraindik inork ez dakizki»
‘Arriaran mendez mende: 1305-2026’ liburua ondu du Iker Sanchok (Lazkao, 1975). Beasaingo Paperak bildumaren 34. alea da eta gaur aurkeztuko du Intxaurpe elkartean, 18:00etan.
Iker Sancho Arriarango eliz atarian, lanaren edizio elebidun eta euskarazko bana eskuetan.Laida Goiburu Bere familiaren historian arakatzen hasita, Arriarango historia marraztu zezakeela konturatu zen Iker Sancho. Auzoaren 721 urtetako historia jaso du liburu batean, eta gaur aurkeztuko du. Arriaran Beasain izatera pasatu zeneko mendeurreneko ekitaldi sortaren lehen ekintza da.
Zer aurkituko du irakurleak?
Hasteko, 721 urtetako historia. Urte horiek askorako ematen dute, baina batez ere hiru bloketan banatuta dago. Arriaranen bizi izan diren pertsona klaseak, hiru estamentuen eskema horri jarraituz: nobleak, eliza eta baserritarrak. Hori izan da 721 urtetako Arriarango historia orain dela oso gutxira arte. Bakoitzaren ezaugarriak eta historia aztertzen ditut, eta elkarren arteko elkarrekintza zein izan den.
Oro har, nola aldatu da Arriarango bizimodua?
Ikaragarri. Nik Arriarani buruz egin dudan bezalaxe, lan hau egin zitekeen inguruko edozein auzo edo herri txikiri buruz. Ez da oso ezberdina. Ikaragarri aldatu da. Baserri giroko auzo bat izatetik industrializazioa dela medio azkeneko hamarkadetan hustu egin da auzoa. Beasain oso gertu dauka, agian aukeran gertuegi; hustea errazagoa da. Ez da gehiago ez gutxiago aldatu inguruko auzo eta herri txikiekin alderatuta.
Itsasotik, Beasain izatera pasatu zen Arriaran. Horrek badauka zerikusirik zure lanarekin?
Liburuaren aurkezpena ez da ekitaldi solte bat; 2027ko udan ehun urte betetzen dira Arriaran Itsaso izatetik Beasain izatera pasatu zenetik. 1927ko abuztuaren 10ean izan zen. Liburu honen aurkezpena guk, Intxaurpeko kultura taldeak, planteatzen dugu 100. urteurrena dela eta egingo ditugun ekitaldi sortaren lehen ekitaldi gisa. Horren baitan ulertu behar da liburua eta aurkezpena.
Zer eragin izan zuen Beasain izatera pasatzeak?
Hiru aktore daude: Itsaso, Beasain eta Arriaran. Oso garbi dagoena da Itsaso galtzen atera zela, Arriaran pusketa on bat zelako, eta gero Ezkiorekin batu behar izan zuen Itsasok. Beasain irabazten atera zen. Eta Arriaranekin, aurtengo urteurren honen harira, mahai inguruak eta ekintzak egingo ditugu hain zuzen zehazteko irabazten atera zen edo galtzen atera zen. Baina arriarandarren borondatez izan zela, garbi. Haiek tematu ziren eta Beasainek lagunduta Itsasotik segregatu ziren. XIX. mendean istilu pila bat izan zituzten Itsason arriarandarrek, eta garbi zuten haien etorkizuna Beasainen zegoela.
«Inguruko herri eta auzo txiki eta handi askok oraindik ez daukate beraien historia ondo eginda»
Zergatik hasi duzu liburua 1305etik?
Hain zuzen Arriaran izenaren lehen aipamena urte hartakoa delako, ekainaren 22koa. Agertzen da Gaztelako erregeen eta Oñatiko gebaratar noble baten arteko truke objektu bezala. Alegia, Gebarak ematen zizkion erregeei Araban zeuzkan lur batzuk eta erregeek Gebarari Gipuzkoan zeuzkan lur batzuk, eta horietako bat zen Arriaran.
Zerbaitek harritu zaitu lana ontzen ari zinela?
Ez nuke jakingo esaten. Hemen dauden gauza asko oraindik inork ez dakizki. Inguruko herri eta auzo txiki eta handi askok oraindik ez daukate beraien historia ondo eginda. Ikaragarrizko historia eduki dezakete adibidez Gabiriak edo Ataunek, baina mikrohistoria hori, bertako biztanleena, ez dago eginda, historialari profesionalentzat ez delako lehentasun bat izan, eta hutsune hori betetzen dugu afizioagatik ibiltzen garenok.
Beasaingo Paperak bildumako 34. alea da. Espresuki horretarako sortu duzu?
Ez, azkeneko momentuan bihurtu da Beasaingo Paperak-eko gauza bat. Gertuko historia egiten dugun jende gehiena hasten gara gure familiaren historia jakin nahi dugulako. Ni hasi nintzen nire familiaren historia arakatzen eta oso azkar konturatu nintzen nire familiaren historia dela azkenean auzo guztiaren historia. Nire amona goiko baserri batekoa, nire aitona beste horko baserri batekoa, nire amonaren ama beste han goiko baserri batekoa, haren ama ere beste baserri batekoa… konturatzerako auzoaren historia bat egiten ari nintzen. Oso gauza naturala izan zen.
Noiz hasi zenuen?
Orain dela 10 urte gutxienez genealogiarekin, familiaren historiarekin, baina liburu forma azkeneko lauzpabost urteetan hartuko zuen.
Gaur aurkeztuko duzu. Hitzaldi eran izango da?
Hitzaldi bat izango da bai, aurkeztuz liburua, testuingurua… Eta azpimarratuko dugu ez dela gauza solte bat, baizik eta hurrengo hilabeteetan egingo dugun ekitaldi sortaren lehengo ekitaldia. Azaltzeko nondik gatozen, non gauden eta erabakitzeko noa goazen.












