Arhane Telleria aramarra Dakarreko Gazteriaren Olinpiar Jokoetan izan da
Eibar RTko jokalariak Espainiako 18 urtez azpiko emakumezkoen errugbi-7ko selekzioarekin lehiatu du Dakarreko txapelketan, eta taldeak zazpigarren postuan amaitu du.
Arhane Telleria Iraeta (Arama, 2009) errugbi jokalariak esperientzia berezia bizi izan du azken egunotan Senegalen, Dakar 2026ko Gazteriaren Olinpiar Jokoetan parte hartu baitu Espainiako 18 urtez azpiko emakumezkoen errugbi-7ko selekzioarekin. Eibar RTko jokalaria Barbara Plak deituriko hamabi jokalari onenen artean izan da, azaroaren 1etik 3ra bitarte jokatu den nazioarteko hitzordu berezian.
Espainiako selekzioak zazpigarren postuan amaitu du txapelketa. Taldeak ezin izan zuen multzoko azken partidan AEBen aurka garaipena lortu, eta 14-0 galdu zuen. Ondoren, 5. eta 8. postuen arteko kanporaketan Txinaren aurka jokatu zuen, baina asiarrak nagusitu ziren (39-0). Azken norgehiagokan, ordea, garaipenarekin agurtu zuen Dakarreko hitzordua. Espainiak Senegal 27-0 hartu zuen mendean, eta horri esker zazpigarren postua eskuratu zuen.
Emaitzetatik harago, Dakarreko hitzorduak esperientzia baliotsua eskaini dio Telleriari, eta errugbiaren goi-mailako ibilbidean aurrera egiteko beste urrats bat egin du goierritarrak.











