Lazkaoko udal zergak izoztuta
Lazkaoko EAJko ordezkariek EH Bilduri kritikatu bakarrik egiten dutela egotzi die. EH Bildurentzat hauteskundeetarako botoak «erosteko» modu bat da.
Lazkaoko Osoko Bilkura.Lazkaoko Udala Lazkaoko Udalak 2027rako ordenantza fiskalak onartu zituzten urriaren 15eko Osoko Bilkuran,EAJren aldeko zazpi botorekin. EH Bilduko sei zinegotziek aurkako botoa eman zuten. Erabakiaren arabera, udal zerga nagusiak izoztuta mantenduko dira, tasa eta tarifa gehienak KPIaren azpitik eguneratuko dira, eta familiei zuzendutako laguntza sistemari eutsiko zaio. «Herritarren zama ekonomikoa arintzeko eta zerbitzu publikoen kalitatea eta iraunkortasuna bermatzeko helburua duela» azaldu zuen udalak.
Ondasun Higiezinen gaineko Zergak (OHZ), Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergak (JEZ) eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergak 2026ko zerga tasak eta tarifak mantenduko dituztela azaldu du udalak. Ur horniduraren eta estolderiaren tasak ere bere horretan geratuko dira, egindako aurreikuspen ekonomikoek zerbitzu horien oreka bermatzea ahalbidetzen baitute.
Bestalde, Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak nabarmendu du garrantzitsua dela tasa orokorren igoera «KPIaren azpitik» mantentzea. «Familien zama ekonomikoa arintzeko». EAJko ordezkarien esanetan, «EH Bilduk kritikatzen duen bitartean, EAJk lana egiten du».
EH Blduren iritzia
EH Bilduko, Joxe Mari Ormazabalek, 2025eko urriaren 16an bi alderdiek akordio bat sinatu zutela gogoratu zuen. «Kiroldegiaren autofinantziazioa %75ekoa izango zen bost urteren buruan, etxebizitza hutsei (OHZ) errekargoa ezarriko zaie eta abar». Era horretan, EAJri akordioa «ez betetzea» leporatu zion.
Azken urteetan EAEko KPIaren igoera berdina izan dela zerga eta tasen igoera orokorra azaldu zuen Ormazabalek. «Aurten 1,6 puntu baxuagoa izango da». Erabaki horiek, EH Bilduren ustez, udaberriko hauteskundeei begira hartutakoak dira. «Udalaren diru sarrerak murriztuta herritarren botoak erosi nahi dituela» ere egotzi zion.












