San Martin jaietan murgilduko dira ostiralean aramarrak
Denetariko jarduerak izango dituzte, asteartera bitarte. Manu Unanuek botako du San Martin jaien hasierako txupina. Zaindariaren eguna ezohikoa izango da, greba orokorra dela eta.
Heltzear dira Aramako San Martin jaiak, eta hilabeteetako prestaketa lanen ondoren, dagoeneko prest dute udalaren eta herriko eragileen artean antolatu ohi duten jai egitarau betea. Etzi hasi eta datorren asteartera arte, denetariko jarduerak izango dituzte. Zaindariaren eguna, ordea, berezia izango da aurtengoan, azaroaren 11rako deitu den greba orokorra dela eta. Aramako Udalak aurreratu du egun horretan aurreikusitako ekitaldiak egunez aldatu edota bertan behera geratuko direla.
Mozorro egunarekin hasiko dituzte jaiak: Arama Western gaia inspiraziotzat hartuta, irudimenez beteko dute herrigunea, eta oro har, musikak gidatuko du jaia. Trikitilariez gain, Tapia eta Leturia Zaunk Sistem eta Balantza erromeria taldeak izango dira ostiralean eta Joselu Anaiak erromeria taldea, berriz, larunbatean. Haurrek ere izango dute gozamenerako tartetik, igandeko puzgarriekin, eta ohiko gaztaina koskatze herrikoia ere egingo dute astelehenean, hurrengo egunean dastatuko dituztenak.
Autobus zerbitzuak
Lurraldebusek garraio zerbitzu berezia jarriko du. Aramara joateko ordutegia honakoa izango da ostiralean: Beasain (22:30), Ordizia (22:35), Itsasondo (22:40), Arama (22:45). Itzulerakoa, berriz, Arama (03:30), Itsasondo (03:35), Ordizia (03:40), Beasain (03:45). Larunbat gauean ere izango da. Joaneko ordutegia honakoa izango da: Beasain (22:45), Ordizia (22:50), Itsasondo (22:55), Arama (23:00). Itzulerakoa, berriz, ostiraleko bera.
EGITARAUA
Ostirala. Mozorro eguna
- 18:00: Plazaren apainketa haur eta gaztetxoekin.
- 19:30: Mozorro Photocall-a plazan. Gaia: Arama Western.
- 20:00: Txupinazoa. Pregoia Manu Unanueren eskutik. Gero, Sukia eta Marki trikitilariak.
- 23:00: Tapia eta Leturia Zaunk Sistem eta Balantza erromeria.
Larunbata
- 17:30: Potx magoaren Zintzilik ikuskizuna Iriarte aretoan.
- 19:30: Herriko trikitilariak plazan.
- 20:45: Herri afaria.
- 23:30: Joselu Anaiak.
Igandea
- 12:00-14:00 eta 16:00-18:00: Puzgarriak frontoian.
- 12:00: Hamaiketakoa Arrikutz elkartean.
Azaroak 9, astelehena
- 18:00: Gaztaina koskatze herrikoia haur txokoan.
Azaroak 10, asteartea
- 20:30: Gaztaina jana Intsausti eta Larrañaga trikitilariekin.












