Antxiñe Mendizabalek 'Katona' liburua Bartzelonan eta Madrilen aurkeztu du
Antxiñe Mendizabal idazle zumarragarraren Katona liburua gaztelerara itzuli dute. Itzulpen lana Maria Ramosek egin du eta liburua Consonni argitaletxeak argitaratu du, euskarazko liburua argitaratu zuen argitaletxe berak. Mendizabalek hainbat aurkezpen egin behar ditu Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Espainian. Joan zen astean Bartzelonan (Herrialde Katalanak) izan zen. Ostegunean bere liburua Gracia auzoko Amora Llibres liburu-dendan aurkeztu zuen, Carmen Berastegi idazlearekin. Ostiralean, berriz, Festival 42 jaialdian parte hartu zuen. Genero fantastikoen jaialdi hori Fabra i Coats sormen fabrikan egiten da. Mendizabalek Alegiazkoa errealitatean sartzen denean solasaldian parte hartu zuen, Mariana Orantes, Eduardo Ruiz eta Elaine Vilar idazleekin batera. Astelehenean Madrilgo Lasai liburu-dendan aurkeztu zuen Katona liburua, Elaine Vilar idazlearekin. Aurkezle lanak Noemi Lopezek egin zituen. Entzuleen artean Mirari Azkarate urretxuarra izan zen.
Argazkiak: Consonni (Bartzelonakoak) eta Mikel Vazquez (Madrilgoak).














