"Biktima guztiak aitortu nahi" izan ditu Ordiziako Udalak Memoriaren Egunean
Iragarri dute berritze prozesuan dagoen Antselmoren Baratzean "memoria gune bat eraiki nahi" dutela. Bizikidetzarako Mahai Politikoa ikerketa lan bat garatzen ari dela azaldu dute, "Ordiziako sufrimenduaren mapa osatzeko".
Ana Sanchez (PSE-EE), Joseba Aranburu (EAJ), Viviana Angelica Murillo (Ordizia Orain), Adur Ezenarro (EH Bildu), Mila Sukia (Ordizia Orain), Jon Ander Caballero (EH Bildu) eta Jose Ignacio Iturrioz (EAJ), Antselmoren Baratzean, atzo.Ordiziako Udala Atzo, azaroak 10, Memoriaren Eguna izan da. Ordiziako Udalak adierazpena argitaratu eta hori zabaltzeko ekitaldia egin du. “Ordiziako herriarekin hartutako konpromisoa berritu” eta “biktima guztiak aitortu nahi” izan ditu ekitaldian. Antselmoren Baratzean egin dute udalbatza osatzen duten taldeetako ordezkari politikoek agerraldia. Iragarri dutenez, berritze prozesuan dagoen gune horretan “memoria gune bat eraiki nahi” dute, “herriko biktima guztiak eta aitortuko dituena eta bizikidetzaren eta elkar ulertzearen ikur bihurtu nahi duena”.
Bizikidetzarako Mahai Politikoak ia bi legealdi lehenago hasitako bideari jarraituz berritu nahi izan du udalak konpromisoa. Denbora horretan “modu diskretuan” lan eginez aritu direla eta “elkarrizketarako eta akordioetarako urteak” izan direla adierazi dute, “desadostasun ugari” izanda ere “mahai baten inguruan esertzea erabaki” duten “sentsibilitate politiko desberdineko pertsonak izan arren”. Adierazpenean esan dutenez, helburu partekatu baten bueltan elkartu dira: “Gure udalerrian bizikidetza sendoago bat lortzea, giza eskubideen errespetua eta pertsona guztien duintasuna erdigunean jarriz”.
Ordiziako sufrimenduaren mapa
Atzoko ekitaldian, “biktima bakar bat ere atzean utzi gabe biktima guztiak aitortu nahi” izan dituzte, biktimak eta baita aitortuak izan ez diren euren familiak ere”. Indarkeriak eragindako mina “inolako erakundek konpondu ezin duela” eta, “jasandako sufrimendua publikoki aitortu eta biktima guztien oroimena duindu” nahi izan dute. “Eta aldi berean, garbi adierazi haien oinazeak komunitate osoari eragiten digula”.
Ordizian izandako “giza eskubideen urraketa guztiak eta motibazio politikoko indarkeria eragindako sufrimendu oro sakonago ezagutzeko bide luzea” geratzen dela adierazi dute, eta Bizikidetzarako Mahai Politikotik “pertsona guztien bizitzeko eskubidea, duintasuna eta askatasuna, inongo salbuespenik gabe defendatzen” dituztela ere. “Giza eskubideen edozein urraketa eta motibazio politikoko edonolako indarkeria arbuiatzen ditugu, burutu duena, dena delakoa dela era”.
Horregatik, Mahai Politikoa, Baketik Fundazioarekin batera eta Argituz Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak garatutako metodologiari jarraituz, ikerketa lan bat egiten ari dela azaldu dute, “Ordiziako sufrimenduaren mapa osatzeko”.
Entzutea eta hitz egitea
Lan horrek “denbora, elkar entzutea eta adostasunak bilatzea eskatuko” dituela jakitun dira, baina bidea hori dela argi dute: “Badakigu, era berean, gure iragan hurbilean gertatutakoa zintzoki ezagututa soilik eraiki ahal izango dugula memoria partekatu bat, biktimak eta haien familiak erreparatzeko bidean. Lan honek biktima guztien aitortzarako bidea zabalduko digu, herritarrei irekitako aitortza ekitaldi publiko batekin gauzatuko dena”.
Jendarteari ere dei egin diote, entzuteko gaitasunaren eta erantzukizunaren harira: “Jendarte gisa, egia guztiak ezagutzeko, desberdin pentsatzen dutenekin esertzeko, inoiz entzun nahi izan ez duguna errespetuz entzuteko, eta besteen sufrimendua aitortzeko gai izateko erantzukizuna dugu, nahiz eta haien kontakizuna eta geurea erabat desberdina izan. Hori da urte hauetan egindako lanak utzi digun ikaskuntza handienetako bat. Badakigu gure gizarteak luzaroan haustura sakona bizi izan duela, eta neurri batean bizi duela egun”.

Herri berean bizi diren pertsonen arteko “isiltasuna, mesfidantza eta urruntasuna nagusitu” izanaren errealitatea gainditzeak ez du esan nahi, udalaren adierazpenaren arabera, norberaren ideiei uko egin behar zaienik. “Ezta kontakizun bakarra eraiki behar dugunik ere. Baina hainbat eta hainbat pertsonak jasandako sufrimendua aitortzeko gai izan behar dugu, baita denbora luzez antipodetan sentitu dugunaren sufrimendua aitortzeko ere. Benetan uste dugulako, bizilagun garen heinean, desadostasunak errespetatuz, printzipio komunak partekatzeko gai garela”.
Iragana eta etorkizuna
Elkarrizketarako gune seguruak sortzearen garrantzia defendatu dute, “entzutea hitz egitea bezain garrantzitsua izango diren guneak, non desadostasuna ez den mehatxu gisa jasoko, ondokoa hobeto ulertzeko aukera gisa baizik”.
Biktima guztiei “berdintasunean, errespetuan eta enpatian oinarritutako bidea egiten lagunduko dien Ordizia bat” aldarrikatu dute, “elkarbizitza ehuntzeko gai izango dena, inork bere ideiengatik, nortasunagatik edo beste edozein baldintzarengatik indarkeria berriz jasango ez duela bermatuko duena”.
Udalerri hori lortzeak “elkarri begiratzea eta elkar aitortzea eskatzen” du ordezkari politikoen esanetan. Iraganari eta etorkizunari erreparatu diote: “Sufritu duten pertsona guztiei eta euren senideei, eta gertatutakotik ikasi eta etorkizuna bakean eraikitzeko eskubidea duten belaunaldi berriei zor diegu komunitate gisa”.













