Sagastigutiko kirol orientazioko ibilbide iraunkor berria aurkeztu dute
Larunbatean izango da lehen jarduera, 10:00etatik 13:00etara, Beasaingo Jabetze Eskolaren barruan. Udalaren helburua da azpiegitura berria hezkuntzarako, ikaskuntzarako eta herritarren arteko harremanak indartzeko baliabidea izatea.
Marina Lertxundi GOTeko ordezkaria, Izaskun Salazar Aizkorri Mendizale Elkarteko ordezkaria, Elena Ruiz kirol zinegotzia eta Itziar Carabelos berdintasun teknikaria, ekimenaren aurkezpenean.Beasaingo Udala Sagastigutiko parkean kirol orientazioko ibilbide iraunkor berria jarri dute martxan, eta atzo aurkeztu dute Beasaingo udaletxean. Aizkorri Mendizale Elkarteak bultzatutako ekimena da, Gipuzkoako Orientazio Taldearen laguntzarekin. Lehenengo orientazio proba larunbatean izango da, azaroaren 14an.
Herritarrei kirola, natura eta aisialdia uztartzeko aukera berri bat eskaintzea du helburu ekimenak. “Hirigunetik gertu dagoen naturagune hau jarduera fisikoa egiteko, ingurunea ezagutzeko eta adin guztietako herritarren artean ohitura osasungarriak sustatzeko espazio bihurtuko da”, azaldu du udalak. Urte osoan erabilgarri egongo da, norberak nahi duen erritmoan, ordutegirik eta izen-ematerik gabe.
Ibilbide berriak hainbat aukera eskaintzen ditu: jarduera fisikoa egitea, udalerriko ingurunea beste ikuspegi batetik ezagutzea, orientazio gaitasuna lantzea eta naturarekin harreman zuzena izatea.
Udalaren helburua da azpiegitura berria hezkuntzarako, ikaskuntzarako eta herritarren arteko harremanak indartzeko baliabidea izatea. “Bereziki haur eta gazteentzat tresna didaktiko interesgarria izan daiteke, baina helduek ere aukera izango dute mapa irakurtzen, espazioan kokatzen eta erabakiak hartzen ikasteko”.
Bi modu jolasteko
Mapa baten laguntzarekin, parte-hartzaileek inguruan sakabanatutako kontrol-puntuak edo balizak aurkitu behar dituzte. Horretarako, bi modu daude: puntu guztiak aurrez zehaztutako ordenan aurkitzea edo, ordena jakin bati jarraitu gabe, ahalik eta denbora laburrenean kontrol-puntu guztiak aurkitzea.
Hainbat gaitasun lantzen dira: mapak interpretatzea, iparrorratza erabiltzea, norabideak eta distantziak kalkulatzea, inguruko erreferentziak identifikatzea eta kontrol-puntu bakoitzera iristeko biderik egokiena aukeratzea. Horrenbestez, jarduera fisikoa eta gaitasun kognitiboak uztartzen ditu, hala nola arreta, autonomia, espazioaren pertzepzioa eta erabakiak hartzeko trebetasuna. Taldean eginez gero, elkarlana, komunikazioa eta estrategia ere lantzeko aukera ematen du.
Aizkorriren lanaren barruan
Aizkorri Mendizale Elkarteak azken urteotan ikastetxeetako haurrekin kirola eta natura sustatzeko egindako lanaren barruan sortu zen proposamena. Iaz, GOTekin elkarlanean, Oiangun orientazio saio bat antolatu zuten, eta aurten, Aizkorriko Biraren barruan, Sagastigutin egin zuten ikastetxeetako ikasleekin. Ibilbidea kartografiatuta zegoela aprobetxatuz, udalari iraunkor bihurtzeko proposamena egin zioten. GOTek Sagastigutiren kokapen egokia nabarmendu du: hirigunetik gertu dagoenez, herritarrek erraz erabiltzeko moduko natura gunea da.
Larunbatean izango da lehen jarduera, 10:00etatik 13:00etara. Beasaingo Jabetze Eskolaren barrukoa izango da. Proposamenaren helburua emakumeen ahalduntzea sustatzea da, natura eta mendizaletasuna uztartuz. Orientazio proba teoriko-praktikoa antolatu dute horretarako.
Berdintasun Sailak emakume taldeak deitu ditu parte hartzera, “naturan eta taldean esperientzia berri bat bizitzeko”. Interesa dutenek udalaren webgunean eman dezakete izena, Jabetze Eskolako izen-emate galdetegian.













