Oroimenaren Eguna, Zumarragan
Zumarragako Udalak Oroimenaren Eguna ospatu zuen atzo (asteartea). Ohi bezala, indarkeriaren biktimak gogoratu zituzten Klara Larrañaga parkean. Ekitaldian udal ordezkariek parte hartu zuten, senitartekoekin batera. Isilunea eta lore eskaintza egin zituzten, gogoratzeko, omentzeko eta senideei babesa adierazteko.
Ekitaldia senideei udaletxeko sarreran egindako harrerarekin hasi zen. Ondoren, loreak eman zitzaizkien, eta senideek udaletxearen atzealdean dagoen sekuoiaren ondoko monolitoan utzi zituzten. Lore eskaintzaren ostean, bertaratutakoek minutu bateko isilunea egin zuten, eta jarraian txalo egin zuten.
Omenaldian Jose Maria Perez, Ramon Ledo, Isidro Etxaniz, Iñaki Mendiluze eta Manuel Indiano gogoratu zituzten, Zumarragarekin lotura zuten biktimak.
Mikel Serrano alkatearen hitzaldiarekin amaitu zen ekitaldia. Alkateak gogorarazi zuen omenaldi hau 2010etik egiten dela. Biktimen memoria zaintzearen eta haien senideei laguntzearen garrantzia nabarmendu zuen, eta senideak duintasunaren eta bizikidetzaren eredu direla gehitu zuen. Era berean, memoriaren, justiziaren eta erreparazioaren aldeko konpromisoa azpimarratu zuen.













