Zumarragarekin lotutako gradu eta master amaierako lanen aurkezpena
Zumarragako Udalak herriarekin lotutako gradu eta master amaierako lanak egin dituzten gazteak saritu ditu. Zazpi lan aurkeztu dira eta sei saritu dituzte. Gizarte eta Lege Zientzietan lehen saria Maddi Villalain Robredok eskuratu du eta akzesita Eider Rueda Lopezek, Arteak eta Humanitateak sailean lehen saria Unai Alvarez Aboniesek irabazi du eta akzesita Josune Caselles Agirrek eta Osasun Zientzietan lehen saria Leire Viedma Telleriak eskuratu du eta akzesita Alazne Rodriguez Iturbek.
Lanak argitaratu egin dira eta Zumarragako liburutegian eta udalaren webgunean eskuragarri izango dira. Gainera, egileak aurkezpen publikoak egiten ari dira. Gizarte eta Lege Zientzietako aurkezpena joan zen astean izan zen. Maddi Villalain irabazleak Soziologiako eta Zientzia Politikoko eta Kudeaketa Publikoko gradu bikoitza egin du eta Minbizia garaian zaintzea: emakumeen bizipenak normaltasunaren hausturaren aurrean lana aurkeztu zuen. Akzesita lortu duen Eider Ruedak, berriz, Gizarte Langintza ikasi du. Gizarte Lana eta emakumeen genitalen mutilazioarekin lanketa soziosanitarioa: prebentzioa eta esku hartzea lana aurkeztu zuen.
Arteak eta Humanitateak kategoriako bi lanen aurkezpena asteartean izan zen. Unai Alvarez irabazleak Historia eta Ondare gradua egin du. Lehiaketara Zumarragaren konformazioa Gipuzkoako testuinguruan trenbide korapilo gisa lana aurkeztu du. Akzesita eskuratu duen Josune Casellesek Sorkuntza eta Diseinuko gradua egin du. Bere lanaren izenburua Zumarragako konpainia berria da. Danborradan konpainia berri bat sortzea proposatu du. Gazteez osatuta egongo litzateke. Jantziak ere egin ditu (argazkian ikus daitezkeenak).
Azken aurkezpena, Osasun Zientzien kategoriakoa, datorren asteartean izango da. Leire Viedma irabazleak Erizaintzako gradua egin du eta lehiaketara Etorkinen antsietatearen prebentzioa: lehen mailako arretarako osasun programa baten diseinua lana aurkeztu du. Akzesita eskuratu duen Alazne Rodriguezek, berriz, Erakundeen Psikologia eta Esku Hartze Psikosoziala masterrerako egindako lana aurkeztu du. Gazteen ahotsa: Zumarragako kulturarteko elkarbizitzarako gida proposamena da lanaren izenburua. Aurkezpena Zelai Arizti kultur etxean izango da, 18:30ean.














