AHTaren aurkako ekimenak amaitutzat jo du zundaketen aurkako kanpaina
2023tik aurreikusitako hogei zundaketatik hiru bakarrik egin direla azaldu du Stop Zundaketak-AHTrik Ez ekimenak.
Zundaketa makina Ataunen, 2023an.Hitza Stop Zundaketak-AHTrik Ez ekimenaren arabera, amaitu da ADIFek Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko aukerak aztertzeko abiatutako zundaketa geoteknikoen kanpaina. 2023an hainbat udalerritan hogei zundaketa baino gehiago egiteko asmoa azaldu bazen ere, ekimenak jakinarazi duenez, hiru baino ez dira gauzatu: Idiazabalen, Beasainen eta Altsasun.
Zundaketa horiek 2023ko udaberrian hasi ziren alarma pizten, Ataunen AHTarekin lotutako lehen jarduketak antzeman zirenean. Ondoren, ADIFek Itza, Sakana eta Goierriko hainbat udali jakinarazi zien zundaketa geoteknikoak eta bestelako azterketak egiteko asmoa zuela. Horren aurrean, Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako AHTaren aurkako hainbat eragile elkartu ziren, eta ekimena sortu zuten jarduketei erantzuteko.
Hiru urteotan, aurreikusitako zundaketetako hainbat saiakera geldiarazi dituztela azaldu dute. Besteak beste, Ataunen, Otxobinen eta Izurdiagan ez ziren aurrera atera, tokiko erakundeen eta herritarren aurkakotasunaren ondorioz. Altsasun, berriz, aurtengo uztailean egin zen azken zundaketa, poliziaren presentziarekin eta herritarren protesta artean. Ekimenak adierazi duenez, mobilizazioek lau egunez iraun zuten eta gutxienez sei isun jarri dizkiete protestetan parte hartu zuten herritarrei.
Ekimenaren arabera, udalerriek ere zeresan handia izan dute prozesuan, hainbat udalek eskura zituzten legezko baliabideak erabilita zundaketei baimena emateari uko egin baitiete. Horrenbestez, aurreikusitako kanpainak ez du hasieran ezarritako egutegia bete, eta, taldearen esanetan, herritarren zein erakundeen presioak eragin zuzena izan du prozesuan.
Balorazio positiboa egin dute, halaber, Iruñerria eta Altsasu arteko tarteari buruzko azterlan informatiboaren inguruan jasotako alegazio kopuruaz. Ekimenak 7.000 alegazio baino gehiago aurkeztu zirela nabarmendu du, eta herritarren jarreraren erakusgarritzat jo du.
Hala ere, Stop Zundaketak-AHTrik Ez ekimenak zuhurtziaz hartu du administrazioaren azken iragarpena. Izan ere, zundaketak amaitu direla eta Nafarroako korridorearen eta Euskal Y-aren arteko lotura zehazteko azterlana laster argitaratuko dutela jakinarazi duten arren, taldeak ez du baztertzen etorkizunean proiektua berriz aktibatzea.
Horregatik, ekimenak behin-behinean etetea erabaki du, baina ohartarazi du bere jarduera berriz aktibatzeko aukera zabalik dagoela. Era berean, hiru urteotan sortutako antolakuntza eta erantzuteko baliabideak beste azpiegitura edo ustiapen proiektu batzuei aurre egiteko ere erabilgarriak izan daitezkeela adierazi du. Azkenik, parte hartu duten herritarrei eta eragileei eskerrak eman dizkie.













