Ibilbide emankor baten begirada berria
Mikel Urretagoienak kontzertua eskainiko du gaur, Goierriko Jazzaldiaren barruan. Haren ibilbideko konposizioak berrinterpretatuko ditu. «Gogotsu» dago eta taldearekin «gozatzea» espero du.
Mikel Urretagoiena musikari ordiziarrak kontzertu berezia eskainiko du gaur, 20:00etan, Ordiziako D’Elikatuz aretoan, Goierriko Jazzaldiaren udazkeneko programazioaren barruan. Bere ibilbidean zehar sortutako konposizio esanguratsuenak berrinterpretatuko ditu, horretarako propio osatutako laukotearekin. Urretagoienaren ibilbide musikala errepasatzeko aukera izango da, beraz, baina ez ohiko formatuan: aurretik egindako lanak beste ikuspegi batetik aurkeztuko ditu.
Jon Carranza bermeotarra ariko da baxu elektrikoan; Borja Etxeberria iruindarra, teklatuan; eta Daniel Juarez madrildarra, baterian, The Machetazos taldean aurrez Urretagoienarekin ibilitakoa. Lagun zahar eta berrien artean oholtzaratzea «berezia» izango dela azaldu du, eta nortasun propioa izango duela.
Konposizio zaharrak bai, baina ikuspegi berri batetik landuko ditu aurretik sortutako piezak, jazzaren, elektronikaren eta inprobisazioaren arteko mugak esploratuz. Pianoa beharrean teklatua, baxu elektrikoa, saxoa eta bateria erabiliko dituzte.
Ibilbide emankorra
Urretagoienak urteak daramatza musika sortzen, eta bateria-jotzaile gisa ez ezik, konpositore eta sortzaile gisa ere garatu du bere ibilbidea. The Machetazos taldean eman zituen konposizioaren arloko lehen urratsak 2016az geroztik, eta orduan taldekideek abesten zituzten kantetako batzuk ere biharko saioan entzungai izango direla aurreratu du: «Hastapenetatik gaur arte izandako ibilbidearen isla bat izango da biharkoa, egindako lan guztien arteko nahasketa berezi bat».
Baina bakarkako lan gehiago ere ondu ditu ordiziarrak. 2024an argitaratu zuen bakarkako lehen lana: Denbora. Hirukote formatuan grabatutako diskoa izan zen, izaera intimo eta akustikoa zuena, eta urtebetez aritu zen disko hori aurkezten. Ibilbide horri begirada berria emateaz gain, bere hurrengo proiektuaren lehen zertzeladak ere eskainiko ditu bihar. Banoa izango da bere bigarren bakarkako lana, eta 2027ko udaberrian argitaratuko du. Urte osoa eman du horretara begira lanean, eta jakinarazi duenez, orain arte egindako lan guztietatik «dezente» urruntzen den diskoa da, soinu elektronikoak, folka eta rock psikodelikoa uztartuta. «Beste sonoritate eta produkzio mota batzuk esperimentatu ditut, eta informazio asko sartzen ahalegindu naiz», aurreratu du. Gainera, gaur arte ikusi gabeko formatu batean ere ikusiko dugu ordiziarra: abeslari paperean.
Ingurukoekin gozatzea
«Gogotsu» dago Urretagoiena, baina «espektatiba askorik gabe». Emanaldia bi diskoen arteko zubia izango dela azaldu du, eta bertaratzen diren herritarrek bigarren diskoaren aurrerapen batzuk ezagutzeko aukera izango dute. Hala ere, ez du kontzertua hurrengo lanaren aurkezpen soil bihurtu nahi; bere ibilbidean egindako lanaren erakusleiho ere izango da.
Momentuaz eta sortzen den giroaz gozatzen ahaleginduko da, bertaratuko diren lagun, senide eta ezagunen berotasunaz inguratuta: «Herrian jotzea beti da berezia». Hori du asmo nagusi, beraz: gozatzea, laukote berriaren konbinazio horretan gustura sentitzea eta urteetan egindako lanari beste begirada bat eskaintzea.













