SANTA ZEZILIA

Legazpiko musikariak prest daude Santa Zezilia ospatzeko

Txistulariek, errondailako kideek, abesbatzako kantariek eta musika bandako musikariek urteko hitzordu nagusia dute bihar Urbeltz pilotalekuan, 19:00etan. Gonbidapenak agortuta daude. Igandean soul doinuen emanaldia izango da Latxartegin, eta astelehenean, Doinua musik eskolako kideek kalejira eta kontzertua egingo dituzte.

Alaitasuna errondaila, iazko Santa Zezilia kontzertuanTere Madinabeitia

Legazpiko musika talde nagusiek urteko emanaldi kuttuna dute bihar, Santa Zezilia musikarien zaindariari eskainitakoa. Urbeltz pilotalekuan elkartuko dira 19:00etan txistulariak, errondailakideak, abesbatzako kantariak eta musika bandako musikariak, hainbat gonbidaturekin eta kartelean, ‘Beteta’ dioen oharrarekin. Udalak asteartean banatzen hasitako gonbidapen guztiak hiru ordutan agortu ziren, kontzertu honek herritarren artean duen harreraren erakusle.

Goiz Deia bandak irekiko du kontzertua txistu doinuekin. Iker Azpeitiak zuzenduta, Eskoziako lurretara eramango ditu ikus-entzuleak, bandako kideen txistu doinuekin eta Iñar Sastre piano jotzailearen eta Ivan Allue gaita jotzailearen laguntzarekin. Ondoren, Eli Gordoak zuzenduko duen Alaitasuna errondailaren txanda izango da, eta euskal eta amerikar doinuak eskainiko dituzte. Santikutz abesbatzak, Marian Lasa zuzendari duela, musika koralaren ukitua emango diote emanaldiari abesti ingeles, euskaldun eta amerikar banarekin. Kontzertuko laugarren partaidea Legazpi Musika Banda izango da, eta Jesus Castillejoren batutari jarraituz, Estatu Batuetako historia ekarri du gogora hasieran, eta txistulariekin batera, bi euskal pieza eskainiko ditu gero. Amaieran, musikari guztien artean Legazpiren ereserkia interpretatuko dute. Korosti dantza taldeko dantzariek eta Legazpiko Erraldoi Konpartsako erraldoiek ere emanaldian parte hartuko dute.

Igandean, soul eta gospel doinuak, eta astelehenean, Doinuaren kalejira
SAnta Zeziliaren ospakizunak igandean izango du jarraipena, 12:30ean Latxartegi aretoan eta dohainik The Spolen Girls taldeak eskainiko duen kontzertuarekin. Soul eta gospel doinuak eskainiko dituzte taldeko Sara Grajalek, Sibel Berrak, Maider Biguriketa Barbara Berroteranek. Errepertorioak 1960ko hamarkadako soul klasiko ezagunak, kutsu espiritualeko soul abestiak eta gospel kantu adierazgarriak uztartzen ditu, ikuskizun dinamiko, dotore eta indartsua sortuz. Zuzeneko banda indartsua osatzen dute Andoni Etxebestek bateriarekin, Jorge Luengok baxuarekin, Daniel Fernandezek gitarrarekin, Alex Harok saxoarekin, eta Iñaki Miguelek, pianoarekin eta zuzendaritzan.

Astelehenean, berriz, Doinuaren izango da, musika eskolako ikasleek eta irakasleek ere ospatuko dutelako Santa Zezilia. 17:00etan aterako dira kalejira eginez, eta ondoren emanaldia eskainiko dute, txokolatada batekin amaitzeko.

Santa Zezilia kontzertuaren egitaraua, larunbatean, 19:00etan, Urbeltz pilotalekuan

GOIZ DEIA TXISTULARI BANDA: EUSKOZIA
1. AULD LANG SYNE + AITONA TXOMIN (Eskoziar herrikoia / Herrikoia
2. HIGHLAND CATHEDRAL + IKUSI MENDIZALEAK (Ulrich Roever, Michael Korb / Sabin Gereño) 3. SCOTLAND THE BRAVE + BATASUNA (Eskoziar Herrikoia / Herrikoia)
4. AMACING GRACE + GAZTELUGATXE (John Newton / Kepa Junkera)

ALAITASUNA ERRONDAILA
1. ZUREKIN BATERA. (ETS. Moldaketa: Eli Gordoa Lopez de Larrinzar).
2. LA BAMBA. (Ezezaguna. Moldaketa: Eli Gordoa Lopez de Larrinzar).
3. KATUEN TESTAMENTUA + FURRA FURRA. (Ezezaguna. Oskorriren bertsioak dira ezagunenak. Moldaketa: Eli Gordoa Lopez de Larrinzar).
4. ALMA LLANERA. (Rafael Bolivar Coronado eta Pedro Elias Gutierrez. Moldaketa: Eli Gordoa Lopez de Larrinzar).

SANTIKUTZ ABESBATZA
1.SINCE ROBIN HOOD (Thomas Weelkes)
2. ANDRE MADALEN (Urteaga/Lesbordes/Sorhaitz)
Korosti dantza taldeko dantzariekin.
3. QUE NADIE SEPA MI SUFRIR (Angel Cabral) LEK konpartsarekin.

LEGAZPI MUSIKA BANDA
1. VIRGINIA (Jacob de Haan)

LEGAZPI MUSIKA BANDA ETA GOIZ DEIA TXISTULARI BANDA
1. ASKATASUN IBILKUNTZA (Telesforo Monzon)
2. MENDIRIK MENDI (Jose Antonio Erauskin)

TALDE GUZTIAK
LEGAZPIKO ERESERKIA

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa