Legazpiko Udalak ere bat egin du Movember mugimenduarekin
Hilaren amaierara arte udaletxeko fatxadak granate kolorez argiztatuko ditu. Goierri garaian oraindik indarrean dago kanpaina, eta datorren asterako hitzaldi bat eta pintxo potea daude programatuta Urretxun. Legazpin bertsolariek eta Tipi-Tapako ibiltariek elkartasuna adierazi diote.
Movember kanpainarekin bat egin du Legazpiko Udalak ere, eta hilaren 30era arte udaletxea granate kolorez argiztatuta, elkartasuna adieraziko diote gizonezkoen osasunari buruz sentsibilizatu nahi duen mugimendu honi.
Goierri garaiko herrietan oraindik indarrean dago aurtengo kanpaina, eta Urretxun izango dira amaitzeko falta diren ekintzak. Asteartean, hilak 24, Idoia Garde nutrizionistak hitzaldia egingo du 18:30ean Urretxuko udaletxeko Portaloian, minbiziari eta elikadurari buruz. Eta hurrengo egunean, hilak 25, pintxo potearekin baliatuko dute kanpainaren antolatzaileek, informazioa banatu eta materiala saltzeko.
Legazpin, bestalde, oihartzun handia izan du Movemberrek, eta atzo, Tipi-Tapa ibilaldia egin zutenen elkartasuna jaso zuen. Aurretik, Bertso Olariak eskolak antolatuta bertso jaialdian parte hartu zuten bertsolarien babesa ere jaso zuten.














