Ormaiztegi prest da San Andres jaiei hasiera emateko
Gaur goizean apaindu dute eliz ataria, azaroaren hasieran hainbat herritarrek sortutako apaingarrikin. Lehenengo aldiz egin dute aurten ekimena.
Loredun koroak jarri dituzte gaur goizean San Andres elizaren atarian.Ormaiztegiko Udala Ormaiztegiko Ander Deuna elizaren ataria dotore apaindu dute gaur goizean, San Andres jaiak hasteko ordu gutxi geratzen direnean. Azaroaren 7an auzolanean sortu zituzten gaur eliz-atarian jarri dituzten apaingarriak. Ormaiztegiko jai batzordeak, guraso elkarteak, Zumalakarregi museoak eta udalak sustatu zuten saioa eta Gorka Olazabal, Paxo, artista izan zen gidaria, “iaz haurrekin jaietarako buruarinak sortu zituen artista bera”, aipatu dute udaletik.
Auzolanean apaingarriak jartzea ostegun arratsalderako aurreikusita zegoen arren, azkenean, gaur goizera atzeratu behar izan dute. Zumalakarregi museoko arduradunek eta udal langileak aritu dira lan horietan.
Udaletik eskerrak luzatu dizkiete apaingarrien sorkuntzan parte hartu duten haur, gaztetxeko eta gurasoei, “ziur gaude herritarrei gustatuko zaiela”, esan dute. Bide batez, herritarrek sortutako apaingarri hauek zaintzeko deialdia ere egin dute, “beraien ahalegin eta ilusio guztiarekin sortutakoak baitira”, gehitu dute.
Jarraipena, abenduan
Apaingarriak egiteko ikastaroak jarraipena izango du abenduaren 12an. Datorren urteko San Andres jaietarako apaingarriak egingo dituzte, 16:30etik 18:30era Zumalakarregi museoan. Herritar guztiak daude bertan parte hartzera gonbidatuta.













