Lazkaok badauka indarkeria matxistaren aurkako irudia
Intza Arnazek irabazi du azaroaren 25aren harira Lazkaoko Udalak antolatu duen arte-sorkuntza lehiaketa.
Gaur goizeko ekitaldian Lazkaoko alkatea ikasleei hitz egiten.Manex Usarralde Emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako egunaren harira antolatutako arte-sorkuntza lehiaketaren sari-banaketa egin dute, gaur goizean, Lazkaoko udaletxeko erakusketa gelan. Ikastolako haur eta gazteak parte hartu dute lehiaketan, eta bertan izan dira. Aurkeztu diren 29 lanetatik Intza Arnazena aukeratu dute Lazkaoko indarkeria matxistaren aurkako irudia izateko. Epaimahaiko kideek adierazi dute bat aukeratzea lan “zaila” izan dela. Hemendik aurrera, Arnazen lanak Lazkao indarkeria matxistaren aurka dagoela irudikatuko du.

Intza Arnaz irudi lehiaketako irabazlea.Manex Usarralde
Lehiaketara aurkeztu diren 29 irudiek herriko ikurrak eta sinboloak dituztela adierazi du Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak. Horretaz gain, ikasleei gogorarazi die indarkeria “modu askotan” agertzen dela gizartean: “Batzuetan ikusteko eta antzemateko erraza da erailketa edo jipoi baten kasuan bezala”. Hala ere, “ezkutuko indarkeria” ere badagoela azpimarratu die. Hor, egunerokotasuneko jarreretan jarri du fokua: “Indarkeria keinu txikietatik hasten da eta inork ez daki non amaitzen daitekeen”.











