50 urtez, Goierriko atletismoaren erreferente
Mende erdiko ibilbide luze bezain emankorrean, Ordiziako talde soiletik Goierri beheko atletak batzen dituen kluba izatera egin du jauzi Txindoki Atletismo Taldeak, belaunaldiz belaunaldi atletismoaren harrobia eta zaletasuna sustatuz.
Txindokiren 25. urteurrenean ateratako talde argazkia. Txindoki AT Orain bost hamarkada atletismoak ez zuen egun Goierrin duen indar, eragin eta egiturarik. Ez zegoen harreman sare zabalik, ez eta baliabide askorik ere. Baina bazegoen zerbait, horiek guztiak baina garrantzitsuagoa: herrian kirola sustatzeko gogoa eta ilusioa. Testuinguru horretan hasi zen Txindoki Atletismo Taldearen ibilbidea.
Mende erdia igaro da Tolosara entrenatzera joan ohi ziren zenbait ordiziar atletismo zaleek, Txato Caballerok eta Inaxito Garmendiak, garai hartako Villafranca Union Club futbol taldeko presidentearekin elkartu eta atletismo talde bat sortzeko aukeraz hitz egin zutenetik. Ordiziako Kale Nagusian zegoen Bar Madrid delakoan biltzen ziren, klubaren egoitza nagusia zena. 1976an izan zen hori, Juanito Iztuetak zuzendaritza utzi eta Juanito Tolosak kargua hartu zuenean. Bataren agintaldiaren amaiera eta bestearen hasiera aprobetxatu zuten estatutu zaharrak aurkitu eta federaziora zein Gipuzkoako Foru Aldundira jotzeko, atletismoko sekzioa ofizial egiteko.

«Baliabide handirik gabe, baina herriko jendearen ahaleginari esker» hasi ziren garai hartan atletismoa antolatzen. «Ahal zenarekin egiten zen aurrera», gogoratu du Egoitz Iztueta Txindokiko kideak. Frankismoaren amaieraren ondorengo urteetan, herria eta herriko ekimenak bultzatzeko «gogo, ilusio eta nahi» izugarria baitzegoen. Helburua, aitzitik, argia izan da hasieratik: gazteak erakarri eta harrobia sortzea. Bi hamarkadaren ondoren iritsi zen beste mugarrietako bat. 1996an sortu zen egun ezagutzen den Txindoki Atletismo Taldea, Ordizia Kirol Elkartearen barruan ordura arte egondako atletismoaren sekzioak bere bidea egitea erabaki zuenean.
«Atletismoa kirol minoritarioa izan arren, beste diziplina askoren oinarrian dago»
Ordiziatik Goierri osora
Ez zen nolanahiko aldaketa izan; taldearen ikuspegia aldatu zuen. Ordiziari lotutako kluba izatetik Goierriko atletismoaren erreferente izatera igaro zen. «Taldea sortu zuten garaian Ordizian zentratutako taldea izango zela pentsatu bazuten ere, berehala konturatu ginen ikuspegia zabaldu behar genuela; herri guztietatik etortzen dira atletak», azaldu du Iztuetak.
Gaur egun, hala, Txindoki eskualdeko taldea da, eta Ordiziakoaz gain, Beasaingo eta Lazkaoko udalen babesa ere jasotzen du, bai eta tarteka inguruko beste udalerri batzuena ere bai, «nahiz eta puntuala izaten den». Jarduera aurrera eramateko dirulaguntza publikoak ez ezik, babesle pribatuen ekarpenak uztartzen dituzte.
Baina Txindokiren ekarpena ez da klubaren beraren jarduerara mugatzen. Goierriko beste zenbait alorretan ere ekarpena egiten duela nabarmendu du Iztuetak: «Atletismoa kirol minoritarioa izan arren, beste diziplina askoren oinarrian dago eta gazte askok beste kirol batzuekin batera praktikatu izan dute atletismoa denboran zehar». Haren esanetan, «oinarri lan hori» ere egin du klubak, Goierriren izena Gipuzkoa, Euskal Herria eta Espainiako lehiaketetan zabaltzeaz harago.
«50 urte hauetan zerbait aldatu baldin bada, balioak izan dira»
50 urteko ibilbidean «aldaketa asko» izan dira; urte oparoagoak eta zailagoak izan ditu klubak, baina gaur egun «goraka» doala uste du Iztuetak, «indarrarekin eta dinamika onean». Aldatu dena, ordea, gizartearekin batera aldatu da. Boluntariotza, kasu. Lehen, klubaren alde musu-truk lan egiteko prest zegoen jendea aurkitzea errazagoa zela dio Iztuetak. Gaur egun, berriz, zailagoa da entrenatzaile edo bestelako zereginetan aritzeko denbora eskaintzen duten pertsonak aurkitzea. Horrek kostuak handitu eta kuotak ezartzera behartu ditu. «50 urte hauetan zerbait aldatu baldin bada, balioak izan dira», dio.
Gaur egun, bost pertsona aritzen dira zuzendaritzan eguneroko jarduna kudeatzen: entrenamenduak eta bidaiak antolatzen, lizentziak tramitatzen eta taldearen bestelako beharrak koordinatzen. Horiez gain, zortzi laguneko antolakuntza talde bat aritzen da urtean zehar ekimen bereziak prestatzen, tartean ‘Ordizia Meeting’ ekimen arrakastatsua.
«Denon beharra daukagu aurrera egiteko»
Beste 50 urte, gutxienez
Etorkizunari begira, Txindokiren erronka ez da, beraz, haztea bakarrik. Taldearen jatorria eta izan duen izaera ez ahaztea ere bada. Iztuetak argi du zer nahiko lukeen mende erdi barru: «Ez ahaztea nondik gatozen eta nola sortu ginen». Klubak txikia eta xumea izaten jarraituko duela aurreikusten du, eta horregatik, egungo dinamika eta ilusioa mantentzea ezinbestekotzat jotzen du. «Denon beharra daukagu aurrera egiteko», azpimarratu du.
Aldatu dira gizartea, baliabideak eta klubaren egitura; aldatu dira belaunaldiak ere. Baina korrika pista berean jarraitzen du Txindokik, belaunaldi batetik bestera lekukoa pasatzen.
Korrika ospatuko dute urteurrena, bihar
50 urteko ibilbidea gogora ekartzeko, belaunaldi ezberdinak ospakizun beraren bueltan elkartuko dituzte bihar Ordizian. Goizean goiz (10:30) hasiko dute egitaraua eta eskualdeko hiru herri nagusien arteko zazpi kilometroko korrikaldia osatuko dute, plazatik hasita. Amaitutakoan, berriz ere plazan bildu (12:30) eta talde argazkia aterako dute.
Ospakizunaren erdigunea Tximista sagardotegian egingo den bazkaria izango da. Han bilduko dira klubaren historian zehar taldearekin lotura izan duten guraso, atleta, entrenatzaile eta boluntarioak. Bai eta egungo kideak ere. Argazki zaharrak proiektatuko dituzte, ibilbideari begirada atzera botatzeko, eta bide batez, aurtengo atleten sariak banatu.













