Bilboko erailketa matxista salatzeko mobilizazioak, gaurtik
Gaur Beasainen, Ordizian eta Legazpin izango dira mobilizazioak, eta igandean, berriz, Beasainen.
Azaroaren 25eko elkarretaratzea, Idiazabalen. Manex Usarralde Azaroak 25 igaro berritan, beste hilketa matxista bat izan da Euskal Herrian. Atzo iluntzean, gizon batek bikotekide ohiari arma zuriz eraso egin zion Bilboko Indautxu auzoko etxebizitza batean, eta Ertzaintzak jakinarazi duenez, Gurutzetako ospitalean hil da emakumea. 34 urte zituen. Aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hil duen seigarren emakumea da.
Hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dira eskualdean. Gaur arratsaldean hiru herritan izango dira mobilizazioak: Beasainen, 19:00etan Bideluze plazan Itaiak deituta, Ordizian, 19:00etan plazan Koordinadora Feministak deituta eta Legazpin, 20:00etan Kale Nagusian Itaiak deituta.
Igandean ere izango da mobilizatzeko aukerarik. Beasaingo Asanblada Feministak iganderako jarri du hitzordua, azaroaren 30a, 18:30ean, Erauskin plazan.













