Judo Legazpik jaialdia antolatu du larunbaterako
Kirola bera eta bere balioak ezagutarazteko helburuz, herri askotako 200 inguru haur elkartuko dira Urbeltz pilotalekuan, arratsaldean. Publikoarentzako irekia izango da.
Judo Legazpi klubak 200 inguru gaztetxo elkartuko ditu larunbaterako antolatu duen Gabonetako jaialdian. Urbeltz pilotalekuan ospatuko da, 16:30etan hasita. Herritarrei judoa zer den modu jostagarrian erakusteko ekitaldia izango da, ez da txapelketa izango. Kirol horren balioak ezagutaraztea, eta herri desberdinetako kirolari gazteek elkar ezagutzea da jaialdiaren helburua. Publikoari irekitako jaialdia da.
Eskola adineko gaztetxoek parte hartuko dute, 2015etik 2022ra artean jaiotakoek. Legazpikoak izango dira tartean, baina baita beste herri batzuetakoak ere: Tolosakoak, Eibarkoak, Zumarragakoak, Arrasatekoak, Azpeitikoak, Zumaiakoak eta Ondarroakoak (Bizkaia).
Musikaz lagunduta eta jolasen bitartez, judoa ezagutzeko aukera izango dute askok, eta beste batzuk, dakitena praktikatuko dute, elkarren kontra ere arituko direlako, esperientzia handiagoko judokek lagunduta. Merienda eta saria jasoko dute guztiek amaieran.













