Memoria Historikoa

‘Memoria historikoa: Iragana gogora ekartzen’ zikloa amaitzear

‘Ezer ez delako amaitzen’ antzerkia Herri Antzokian, gaur, 19:30ean. Igandean, Gerra Zibilaren biktimei omenaldia Aia auzoan, 12:00etan.

Memoria Historikoa: Iragana gogora ekartzen zikloko bi ekintza gelditzen dira egiteko. Lehenengoa gaur egongo den Ezer ez delako amaitzen antzerkia izango da. Herri antzokian izango da, 19:30ean. Sarrera dohainik izango dela adierazi du Haizea Moreno Memoria Historikoko taldeko kideak. Bigarrengoa, gerraren ondorioak jasan zituztenei Aia auzoan egingo zaien omenaldia izango da, igandean, 12:00etan.

Antzerkian Urretxuko Iparragirre ikastetxeko ikasleek eta Torto Gazte Asanbladako kideek parte hartuko dutela jakinarazi du Morenok. Antzerkiaren aurretik, Ataungo Kantu Poteo taldeak ere parte hartuko duela ekitaldian gehitu du.

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Loraldia kulturaldiak beste bost ikastetxeekin batera sortutako proiektua da Ezer ez delako amaitzen antzezlana. Joseba Sarrionandiak idatzitako Espainiako Gerrako umeak (1936–1939) Hamaika eszena testuan oinarritzen dira istorio hau eraikitzeko. Bost ikastetxe horiek dira: Iurretako Juan Orobiogoitia BHI, Zumarraga-Urretxuko JM Iparragirre BHI, Duranako Ikasbidea IPI, Durangoko Zumarragako Fray Juan BHI eta Bilboko Ibarrekolanda BHI.

Proiektu horrek hiru zutabe nagusi dituela dio Loraldiako taldeak: historiaren transmisio lana, 82 gaztek eskainiko duten ikuskizuna eta gerrako haur eta familien omenaldia.

Gerrako biktimak oroituz

“Espainiako Gerra Zibilean Ataunen emandako biktimen oroigarritza omenalditxoa egin izan dugu urtero, eta aurten ere egingo dugu”, dio Ataungo Memoria Historikoko taldeko kideak. Ekitaldian parte hartuko dute Memoria Historikoko taldeak, Ataungo Udalak, Irati Zuriaurre Arantzadi elkarteko ikerlariak eta biktimen familiarrak. 

Aiako egitasmoaren bidez Ataungo biktima horiek “erreparatzen eta errekonozitzen” saiatzen direla dio Morenok, hurrengo hauek oroituko dituzte: “Jesus Bujanda Martinez olaberriarra, Martzelo Lasa Zeberio olaberriarra, Meterio Garmendia ordiziarra eta Ataunen Errekondo aurrean aurkitutako hiru pertsona identifikatu gabekoak, Aian lurperatutakoak horiek ere”.

Horietaz gain, aurreko urtean ikerketa baten ondorioz Ataunen beste “bi biktima” gehiago zeudela jakin zutela esan du Memoria Historikoko taldekoak: “Pedro Basurto Kerejeta eta Jose Apaolaza Mujika Ataungo gazteak Lazkaoko Senpere inguruan atxilotuak izan ziren, eta militarki epaiketa faltsu bat egin ondoren fusilatuak izan ziren 1936ko irailean”.

 

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa