Beasaingo Loinatz abesbatzak 75 urte darama kantuan. 1939ko abenduaren 8an, Pedro Jose Iguainen zuzendaritzapean egin zuen lehenengo kontzertua, Coral Loinaz izenarekin. Ospakizunetan dira beasaindarrak. 75 urte dira Beasaingo Loinaz koralak lehenengo kontzertua egin zuela Andre Maria Zeruratuaren Parrokian. Urteurrena ospatzeko, abenduaren 20an, Loinatz abesbatzak kontzertua egingo du San Martin elizan. Duela 75 urte, Pedro Jose Iguainen zuzendaritzapean aritu ziren kantuan, Coral Loinaz izenarekin. Elizako organo jolea eta udal musika bandako zuzendaria zen Iguain eta 1950era arte izan zuen abesbatzaren ardura, «familia guztia Argentinara joan zen arte», argitu du Josetxo Zufiaurrek. Javier Garcia Basoco, Rafael Briz eta Migel Irizar izan ziren hurrengo zuzendariak. «Koralak 75 urte betetzen ditu baina 67 urte darama abesten. Izan ere, 1971n hil zen Migel Irizar, eta han bukatu zen korala», zehaztu du Zufiaurrek. 1946. urtera arte, gizonezkoek bakarrik osatzen zuten Loinaz Korala. Ahots txuriak La Salleko tipleek egiten zituzten. Josetxo Zufiaurre bera, 11 urte zituela sartu zen koruan, 1945ean. «1947ra arte aritu nintzen, kanpora joan nintzen eta ikastera. Soldadutza bukatutakoan berriz sartu nintzen, 1971ra arte». Zufiaurrek ondo gogoan du, Urretxun egin zuten ikuskizuna. «Guridiren Eusko Irudiak ikuskizuna egiten genuen, korua, banda eta dantzariak batera. Errotako kamionetan eraman gintuzten Urretxura tipleak. Koralistak trenean joan ziren. Arrakasta handia [...]