
Kirola, korrika, osasuna eta familia uztartzen ditu Lazkaoko Antzar Korrikalariak taldeak. Kirol osasuntsuaren aldarrikapena egiten du eta horrekin batera, korrika zaletasuna txikienen artean zabaltzen ari dira lazkaotarrak. 2002. urteko Josetxo Imaz memorialean parte hartu zuen lehenengo aldiz talde bezala, Lazkaoko Antzar Korrikalariak taldeak. Dozena bat korrikalariko taldea izatetik, 50etik gora izatea lortu dute 10 urtetan. Duela 10 urte ez bezala, gazteak, haurrak eta emakumezkoak ere gerturatu dira taldera. Bakarkako kirol izatetik talde kirol bihurtzea lortu dute Lazkaon. “Duela 10 urte bakoitza bere aldetik ibiltzen zen korrika. Bakoitza bere aldetik joaten zen karreretara. Hizketan hasi eta entrenatzeko eta karreretera joateko elkartzen hasi ginen. Hortik sortu genuen taldea. Izena jarri taldeari, kamisetak erosi eta aurrera”, dio Iñaki Belamendiak, taldeko kideak. Hasiera hartan, “10-12 izango ginen. Baina berehala zabaldu zen taldea. 20tik gora berehala elkartu ginen”, gaineratu du Mikel Zabalak. Gaur egun, 53 dira taldean. “Emazteak eta umeak ere badaude taldean. Korrikako taldea baino gehiago, lagun taldea da. Taldearen filosofia da, kirola egitea, ez kirol lehiakorra, osasuntsua baizik”. Gaur egun gero eta jende gehiago ibiltzen da korrika eta hori nabaritzen dute lazkaotarrek. “Garai batean beti berdinak ibiltzen ginen korrika, “eroak”. Gaur egun, emakume asko ikusten da korrika, gazteak ere bai. Adineko jendea berriz [...]

