Naiara Berasategik (Zumarraga, 1979) Soziologia ikasketak egin zituen. Karrera amaitu, eta ikasten jarraitzeko harrak bultzatuta, doktoregoa ikasteari ekin zion. Bilboko DBHko ia mila ikasleren hizkuntza eta kultur ohiturak aztertu ditu bere tesian: Hizkuntza eta Kultura aniztasuna Bilboko eskoletan. Euskararen erabileran eta euskal kultur praktiketan eragiten duten faktoreak. Joan den irailean aurkeztu zuen. Zure tesiaren gaia laburbilduko al zenuke? Hizkuntza eta kulturak aztertzea izan dut helburu. Aztertutako populazioa Bilboko ikasleak dira, zehazki DBHko 2. eta 4. mailan dauden 989 ikasleren lagina erabili dut. Erabiltzen duten edo dituzten hizkuntzak eta kulturak ikertu ditut. Hain zuzen, euskararen eta euskal kulturaren gaia jorratu dut eta euskararen erabileran eta euskal kultur praktikan eragiten duten faktoreak landu ditut. Faktore horien artean kultur aniztasunari erreparatu diozu, ezta? Egia da egungo gizarteak gero eta kultur anitzagoak direla, Euskal Herrikoa ere bai. Berriki egin den ikerketa batean, euskara, frantsesa edo espainiera ez diren, 100 hizkuntza desberdin atzeman dira gure testuinguruan. Horrek argi adierazten du gurean dagoen hizkuntza aniztasuna. Hala, euskal herriko kaleetan euskara, frantsesa eta espainiera ez ezik, bestelako hizkuntzak ere entzuten dira: wolofera, errumaniera edo tamazight, adibidez. Euskara hizkuntza gutxitua da Euskal Herrian, espainiera eta frantsesarekin batera egon izan da gutxitu edo menperatu egoeran. Egoera horretan hizkuntza berriak [...]