Goierritarra aldizkariak 22 urte egin ditu Goierri egiten; euskaraz bizi nahi duen Goierri egiten. 413 Goierritarra kaleratu dira dagoeneko. Hamaika albiste, historia eta istorio bildu ditu. Goierriren erreferentzia izan da 22 urteotan, euskaraz bizi nahi dugunon erreferentzia. Urte hauetan guztietan, egoera berrietara egokitzen jakin du eta tartean, beste proiektu batzuk ahalbidetzen ere lan egin du. Horren adibide nagusiena, Goierriko Hitza egunkaria da. Makina bat kontu goxo bizi izan baditugu ere, oztopo bat baino gehiago izan da 22 urteotan. Baina euskararen indarrak lagunduta, irakurleek ematen duen indarrak lagunduta, guztiak gainditu izan ditugu. Erronka berria 2012ra begira, erronka berria du Goierritarra aldizkariak. Prentsa idatziarentzat ez dira garaiak onenak. Baina aurrera egiteko garaia da, eredu berriak eta apustu berriak egiteko garaia da. Bidelagun egokia eta naturala aurkitu du Goierritarrak bide horretarako. Urretxu-Zumarragako Otamotz aldizkaria. Goierritarra aldizkaria hamabostekaria da eta Otamotz aldizkaria hilabetekaria. Otsailaren 3tik aurrera, astekaria izango da sortuko dugun produktu berria. Beharrak sortu du elkarlan hau: maiztasunean irabazteko beharrak, erreferentzialtasunean irabazteko beharrak, produktu berria sortzeko beharrak eta Goierriko Hitzaren estrategia berdinetik jarraituz, Goierri oso bezala lan egiteko beharrak. Irakurleekin, iragarleekin eta adituekin egindako ikerketak eta hausnarketak ere ondorio horretara eraman gaitu. Goierritarrak, gehiago eragin nahi du euskararen normalizazioan eta eskualdeko komunikazioan. Astekaria [...]