Naturgas taldeko Alain Gonzalezek irabazi du 52. Loinatz proba, zortzi-hamar laguneko tropeltxo batean esprintean nagusi izan eta gero. Taldetxo horretan bigarren Jon Ander Intsausti mutiloarra izan da (Bidelan) eta Lizarte taldeko Victor Manuel Moleon hirugarren. Lehen beasaindarraren saria Gopar Ikolan-Lanaldiko Jon Garmendiak jaso du. Hamarretan abiatuko da proba Beasaindik, eta ordubata izateko minutu gutxi falta zirela iritsi dira lehenengoak helmugara. 22 taldek parte hartu dute proban, eta 121 txirrindulari izan dira denera. Loinatz Txirrindulari elkarteak antolatutako probak 122 kilometro izan ditu. Lehendabizi, Eitzagatik gora Legazpira joan dira txirrindulariak, Mutiloako Lierni gainera gero, eta Beasaindik pasa ondoren, Gabiriatik Atagoitiko gaina igo dute, atzera Lierniko gaina pasa, eta Olaberriatik bueltan itzuli dira Beasainera. Proba erditik aurrera tropeltxo bat ibili da lasterketa buruan, eta horixe izan da Beasaingo helmugara iritsi dena. 23 uztez azpikoentzako Loinatz proba Lehendakari txapelketarako baliagarria da, eta Beasaingo karrerak eman duenarekin, lider aldaketa egon da sailkapenean: Aitor Gonzalez (Debabarrena) da lider berria. SAILKAPENAK Lehen hiru sailkatuak 1. Alain Gonzalez (Naturgas) 2. Jon Ander Intsausti (Bidelan) 3. Victor Manuel Mauleon (Lizarte) Taldekakoa 1. Lizarte Mendikoa 1. Gerardo Rienda (Cafes Baque) Lehen beasaindarra 1. Jon Garmendia (Gopar Ikolan-Lanaldi) Lehendakari txapelketako lider berria 1. Aitor Gonzalez (Debabarrena)
RTNSA kongresuaren antolakuntzan buru belarri dabil egunotan Julian Gonzalez (Lazkao, 1952). Jaiotzez ez izan arren, ordiziartzat jotzen du bere burua. “Sei urte nituela etorri ginen Ordiziara, Urdaneta kalera”. Kongresu honekin telekomunikazioaren alorrean egin diren ikerketan sakonduko dutela nabarmendu du. Gaur enpresaburuekin egingo dute saioa Goierri Berrikuntza Gunean, eta bihar goizean emango diote bukaera kongresuari, ondorio orokorrak aterata. EHUko fisika aplikatuko katedraduna zara, eta eskarmentua duzu horrelako kongresuak antolatzen. Zergatik Ordizian? Donostian kongresu bat antolatzea Ordizian antolatzea baino askosaz ere errazagoa da, eta hau Ordizian egin da udalak eskatu zidalako, eta noski, ni ere ordiziarra naizelako. Logistika aldetik eragozpenak besterik ez nituen ikusten, baina udalak gogoa zuen antolatzeko, eta gogo horrek gabezia guztiak estali ditu. Zein dira arazo logistiko horiek? Donostian egongo bagina etorri diren 150 adituak hotel batean edo bitan egongo lirateke, eta hemen berriz hamar hamabi hoteletan sakabanatuta daude. Etorri diren asko Europaz kanpokoak dira, eta aireportura iritsi bezain pronto hona ekartzeaz arduratu gara. Donostian balitz autobusean joango lirateke Loiutik. Punta-puntako adituak etorri dira gainera. Nola lortzen da hori? EHUn 32 urte daramatzat, eta 25 dira ikerketaren arloan murgildu nintzenetik, eta hor magnestismo gaiak lantzeko lan taldea sortu genuen. Ez dut harrokeriz esaten, baina lan talde horrek ospe handia [...]